Euskal Telebistako Teknopolis saioko Emakumeak erakartzeko, zientzia aldatu erreportajeak genero berdintasunaren aldeko Gerda Taro Kazetaritza Saria jaso du, Espainiako Guadalajarako Prentsa Elkartearen eskutik. Erreportaje hori Jon Larrañaga kazetariak eta Alaitz Otxoa de Eribe zarauztarrak egin zuten iaz Elhuyarrek eta EITBk elkarlanean egiten duten saiorako, otsailak 11 Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Egunari lotuta.
Saritutako lanean zientziaren arloan ikerkuntzan lan egiten duten emakumeek egun bizi duten egoera eta dituzten zailtasunak aztertu dituzte. Horretarako, enpresa zein unibertsitate arloan dabiltzan hainbat zientzialari eta ikertzaile elkarrizketatu zituzten. Gerda Taro Kazetaritza Sariaren epaimahaiak erreportajearen kalitatea, ikuspuntua eta erabilitako informazio iturriak nabarmendu ditu saritzerako orduan.