Udaltzainen kontratazio prozesu bateratua "legezkoa" da Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuaren arabera

Nerea Uranga 2025ko ots. 20a, 16:36

Udaltzain bat.

Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko LEP lan eskaintza publiko bateratua egingo dutela iragarri dute. Horren inguruan hitz egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean.

Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko LEP lan eskaintza publiko propioa abiatuko dutela adierazi zuten atzo. Horri lotuta, gaur Eusko Legebiltzarrean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak hitz egin du, eta adierazi du udalek lan eskaintza bateratua egitea "legezkoa" dela, beti ere polizia legea beteta egiten duten neurrian. Hala esan du Zupiriak: "Indarrean dagoen legearen barruan egiten dugun guztia ongi eginda izango da. Norbaitek, baina, legeak onartzen ez duen zerbait planteatzen badu, guk ere ez dugu onartuko".

Urola Kosta eskualdeko hiru udal horiek "herritarren beharretara egokituko den Udaltzaingo eredu hurbila eta komunitarioa indartzea" helburu jarrita egingo dute lan eskaintza bateratua. Zupiriak gaur Legebiltzarrean adierazi du, helburua polizia eredua aldatzea bada, hori beste eztabaida bat dela, eta horren inguruan eztabaidatzeko "prest" dagoela. Dena den, azpimarratu du Segurtasun sailburuak "aldaketak beti ere legearen barruan" egiten direnean onartuko dituztela.

Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledunak ere hitz egin du gaiaz, eta hark gogora ekarri du udal funtzionarioen –udaltzainena barne– lan eskaintza publikoak egiteko eskumena udalena dela. Eta udalek Udaltzaingoaren lan eskaintza publiko propioak egitea "polizia eredua aldatzeko lehen urratsa" dela nabarmendu du Otxandianok.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide