Astebete pasatxo falta da aurtengo karnabaletarako, eta ohiko moduan, inauteriak hemen direla iragartzeko, kaldereroen kalejira izango da zapatuan. Trapu zaharrak soinean eta zartaginak eskuetan dituztela, 19:00etan Artzubian elkartuko dira desfilean parte hartu nahi duten herritarrak. San Martin egoitzaren paretik Goiko kalera joango dira aurrena, eta gero, plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik eta Donejakue kaletik igarota, plazara iritsiko dira, eta han bukatuko dute kalejira.
Helduek, gazteek nahiz haurrek izango dute desfilean parte hartzeko aukera, eta urtero legez, astoak ere aterako dira karroei tiraka. Konpartsako parte hartzaileek Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestiak joko dituzte ibilbidean zehar, Udal Musika Bandako eta Juan Antxieta musika eskolako kideak lagun dituztela. Azpeitiko Udalak kalejiran parte hartzeko eta trapu zaharrak zein zartaginak kalera ateratzeko deia egin die herritarrei.
Igandean, karnabaletako kontzertua
Igandean, berriz, karnabaletako kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean, 12:30ean hasita. Udal Musika Bandako, Julian Barrenetxea abesbatzako eta Juan Antxieta musika eskolako kideek karnabaletako abestiak eskainiko dituzte, Unai Frantsesena bandaren zuzendariaren gidaritzapean. Gainera, ohiko legez, aurreko urteko karnabaletako irudiak pantaila handian botako dituzte kontzertuak irauten duen bitartean. Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek, Azpeitia Gukak nahiz beste hainbat herritarrek utzitako irudiak izango dira horiek.
Sanagustinera bertaratzen direnek honako abestiak entzungo dituzte: Hungariar kanta, Kaldereroen konpartsa, Kaldereroen koruak II eta III, Konpontzailea, Mazurka, Trapu zaharrak, Sasikoipetsu, Goiz eresia, Lolita, Sarralle buru haundi, Bihotz eritua, Iriyarena, Pello Bixente eta Gora karnabalak, miamol!.