Inauteriak 2025

Karnabalen etorrera iragarri dute kaldereroek

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 22a, 20:35

Gurasoak seme-alaba txikiekin, gaztetxoak edota Txolarteko lagunak kalera irten dira, Hungariatik etorritako ijitoen lanak egitera. San Martin egoitzaren ataritik irtenda, Alde Zahar osoa zeharkatu dute, plazan emanaldia eginez amaitzeko.

Kinkila hotsa ozen entzun da gaur arratsaldean erdiguneko kaleetan. Datorren astean karnabalak hasiko dira, eta mozorroen aroaren etorrera iragartzera irten dira gaur kalera kaldereroak, zartaginak esku batean eta mailukiak bestean hartuta. San Martin egoitzaren ataritik irtenda, Alde Zahar osoa zeharkatu dute, plazan emanaldia eginez amaitzeko.

Gurasoak seme-alaba txikiekin, gaztetxoak edota Txolarteko lagunak nagusi izan dira karro batek ireki eta besteak itxi duen kalejiran. Hungariako ijitoen lanak egin dituzte horrenbestez azpeitiarrek, Udal Musika Bandaren ezinbesteko laguntzarekin, trapu zaharrak eta ez hain zaharrak soinean, trapu zaharrak saltzeko plantak eginez.

Bihar, kontzertua

Karnabalen aurreko asteburua osatzeko, Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Juan Antxieta musika eskolak Inauteri kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean, 12:30ean.

Aurten ere, Azpeitiko Argazki Elkarteak, Gukak eta beste zenbait herritarrek utzitako aurreko urteko karnabaletako irudiekin borobilduko dute musika emanaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide