Asteburu benetan gozoa izan dute Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiek. Biak izan dira garaile, eta ez edonolako aurkariak gaindituta: Zumaiako 3-0 gainditu du Ohorezko Erregional Mailako taldeak Garmendipen, eta Deustun (Bizkaia) 2-4 irabazi du Hirugarren Mailakoak, azken txanpan hiru minututan hiru gol eginda, gainera.
Zapatuan Garmendipen jokatu zuen Lagun Onakek Zumaiakore kontra, Ohorezko Erregional Mailako hogeigarren jardunaldiaren barruan. Azpeitikoek oso ondo ekin zioten neurketari, eta lehen ordu laurdenean gol aukera dezente ere sortu zituzten. Ate aurrean ez zuten asmatu, ordea, eta atsedenaldira joan aurreko hogei minutuetan orekatuagoa izan neurketa: ez talde batek eta ez besteak ez zuten lortzen jokoan nagusitzea eta gorabehera askoko minutuak izan ziren horiek. Bigarren zatian, ordea, Lagun Onakek berreskuratu zuen jokoaren lema; eta lehen zatiko hasieran ez bezala, ate aurrean asmatu ere egin zuten Miren Arrondoren emakumeek. June Casinak egin zuen lehen gola, 55. minutuan. Markagailuan aurrea hartuta, aldapa behera jarri zitzaion neurketa Lagun Onaki, jokoan oso eroso eta gol aukera ugari sortuz. Julene Elustondok 75. minutuan eta Maialen Aiertzak 85.ean egindako golekin borobildu zuen taldeak 3-0ekoa, sailkapenaren goiko postuetako borrokan dabilen Zumaiako emaitza argiarekin gainditzeko.
Lagun Onakek, bere aldetik, zortzigarren postuan jarraitzen du, sailkapenaren erdi-erdian, orain 30 punturekin. Datorren asteburuan, punturik gabe sailkapenaren azken tokian dagoen Ondarbeltz Amaikak Mutrikuren zelaian jokatuko du Arrondoren taldeak.
Zoramena Deustun
Gutxitan gertatzen diren balentria horietako bati esker, urrezko hiru puntu lortu zituen Lagun Onakek Deustoren zelaian: 87. minutuan 2-1 galtzen ari ziren Jose Luis Riberaren gizonak, eta lau minuturen tartean hiru gol egin zituzten, 2-4 irabazteko.
Lehen zatia ikusita, zaila zen partidaren bukaerako eromena irudikatzea. Zelai erdiko borroka antzuan murgilduta ibili ziren bi taldeak, joko trabatua izan zen nagusi, defentsak aurrelarien gainetik ibili ziren eta gol aukera garbirik gabe joan ziren 45 minutuakl; ikuskizun aspergarria eskaini zuten Deustok eta Lagun Onakek. Bigarren zatian iritsi ziren golak eta iritsi zen dena. Aldageletetaik zelaira itzuli eta gutxira, 49. minutuan, hartu zuen markagailuan aurrea etxeko taldeak, penaltitik. Baina Lagun Onakek laster erantzun zuen: Alex Letamendiari iritsi zitzaion baloia area barruko nahas-mahasean, eta 1 eta 1ekoa egin zuen. Berdinketak min egin zion Deustori, baina kolpeak ez zuen guztiz eraitsi etxeko taldea, eta 75. minutuan berriro aurretik jartzea lortu zuen. Berdinketaren bila ekin behar izan zion berriro Lagun Onakek, eta 88. minutuan iritsi zitzaion saria, Jon Sorazuk sartutako golarekin. Minutu horretan lortutako berdinketak ez zirudien sari txarra Riberaren taldearentzat, baina motz, oso motz, gelditu zen handik gutxira. Izan ere, Jagoba Erdoziaren erakustaldia falta zen: 90. minutuan, kornerretik ateratako baloia sarera bota zuen Lagun Onaken 9ak; eta Azpeitikoen festa borobiltzeko, sekulako jokaldi indibiduala zelai erdian hasi eta arean bukatuz, bere bigarren eta taldearen laugarren gola ere egin zuen Erdoziak, 91.ean.
Igoerako play-off-ak jokatzeko azken tokia ematen duen postuan, bosgarrenean, zegoen eta dago Deusto; eta zapatuko garaipen bikainari esker, 35 punturekin –Aretxabaletak bezala–, seigarrenera igo da Lagun Onak, Deustorengandik puntu bakarrera. Talde ilara luzea dago Lagun Onakekin batera ohorezko postuak lortzeko borroka horretan murgilduta. Horietako beste bat da Touring, eta Errenteriako (Gipuzkoa) taldea hartuko dute Riberaren gizonek datorren zapatuan Garmendipen.