Sokamuturra argazki lehiaketaren 45. edizioa egingo dute aurtengo Azpeitiko karnabaletan; iazkoa, 44. edizioa bertan behera utzi zuten. Lehiaketaren oinarrietan aldaketak egin ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak; esaterako, parte hartzaile bakoitzak nahitaez zazpi argazki aurkeztu beharko ditu lehiaketara, sokamuturra gaiari buruzko bost zuri-beltzean eta karnabaletako giroaren inguruko beste bi, koloretan.
Aurtengoan ere bi sariketa antolatu ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak karnabaletako argazki lehiaketaren barruan. Alde batetik, sokamuturreko zuri-beltzeko argazkien Imanol Elias sariketa egingo dute; eta bestetik, koloretan, karnabal giroko argazkien Iñaki Joaristi Altzarte saria banatuko dute.
Imanol Elias sariketarako sokamuturreko argazkiak Elegante Eguneko, Astelehen Karnabaleko edota Astearte Karnabaleko sokamuturrean zuri-beltzean ateratakoak izan beharko dute, eta argazkietan ezingo da fotomuntaketarik egin. Egile bakoitzak sokamuturreko bost argazki aurkeztu beharko ditu lehiaketara –partaide bakoitzak sari bakarra eskuratu ahalko du–, baita inauteri giroko beste bi ere.
Honako sari hauek banatuko ditu epaimahaiak sokumuturrari buruzko sariketan: irabazleak 365 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatzen denak, 235 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 200 euro eta garaikurra; laugarrenak, 120 euro; eta bosgarrenak, 80 euro.
Karnabal giroko Iñaki Joaristi Altzarte sarira koloretako argazkiak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek, eta bakoitzak gehienez bi irudi bidali ahal izango ditu. Haren irabazleak 150 euro eta oroigarria eskuratuko ditu.
Martxoaren 13a, lanak aurkezteko epea
Zuri-beltzeko nahiz koloretako argazkiak paperean entregatu beharko dira –20x30 zentimetro tamainan–, eta horien atzealdean argazkiaren izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarri beharko dituzte parte hartzaileek. Horrez gain, artxibo digitalean ere aurkeztu beharko dituzte irudi denak. Azpeitiko Argazki Elkarteak azaldu duenez, baldintza horiek betetzen ez dituzten egileen argazkiak lehiaketatik kanpo geldituko dira.
Lanak honako helbide honetara bidali beharko dira pakete edo gutun-azal itxi batean: Azpeitiko 326 Posta Kutxara edo Dinamoa sormen guneko argazki elkartearen egoitzara (Soreasu auzoa, 1. Dinamoa sormen gunea, lehen solairua. 20730, Azpeitia). Martxoaren 13ko, osteguna, 22:00etarako lehiaketan parte hartuko duten argazkiek Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan egon beharko dute. Irudiak formatu digitalean honako helbide elektronikora bidali behar dira erakusketakaae@gmail.com aurrez aipatutako epea baino lehen.
Epaimahaia elkarteak izendatuko du, eta kide horiek erabakiko dute zein izango diren saritutako argazkiak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, martxoaren 29an, larunbatez, egingo dute, 13:00etan, lehiaketako argazki erakusketa zabaltzearekin batera.
Saritutako argazkiak AAEren jabetzan geldituko dira, eta gainerakoak, hau da, saritu gabekoak, erakusketa itxi ondorengo hamabost egunen barruan jaso ahal izango dituzte egileek AAEren egoitzan.
Bestalde, ohiturarekin jarraituz, lehiaketan parte hartzen duten kide guztiak afarira gonbidatuta daudela jakinarazi du elkarteak, eta irabazleek sariaren %20 beren afaria ordaintzeko baliatuko dutela eta gainerakoa norberak ordaindu beharko dutela adierazi du.
Lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrentzat ohar bat ere jakinarazi du Azpeitiko Argazki Elkarteak. Antolatzaile taldeak adierazi duenez, ez dute beren gain hartuko ekintza garatzen den bitartean partaideek, ekipoek edota ondasunek izan ditzaketen kalteak. "Ekintzan parte hartzen dutenak izango dira beren buruaren, argazki ekipoen eta ondasunen arduradun bakarrak, baita ekintza garatzean hirugarrengoei eta bere ondasunei sor lekizkiekeen kalteenak ere. Ekintza honetan parte hartzeak berekin dakar arau hauek guztiak erabat onartzea", azpimarratu dute.