Soldata Berdintasunaren Egunarekin bat egin dute pentsiodunek asteleheneko elkarretaratzean

Nerea Uranga 2025ko ots. 25a, 09:19

Pentsiodunek atzo egindako elkarretaratzea.

Otsailaren 22a generoaren ikuspegitik Soldata Berdintasunaren Eguna da, eta egun horren aldarrikapenekin bat egin dute Azpeitiko pentsiodunek. Horri lotuta, salatu dute 2022ko datuen arabera, 5.780 euroko arrakala zela urtean gizonen alde Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Azpeitiko jubilatuek eta pentsiodunek atzo ere elkarretaratzea egin zuten Azoka Plazaren aurrean. Atzokoan, Soldata Berdintasunaren Egunarekin bat egin zuten, eta gaur egun ere, generoaren araberako "soldata arrakala egiturazkoa" dela salatu zuten.

Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren 2022ko soldata egiturari buruzko inkestaren datuak kontuan hartuta, gizonen alde soldata arrakala urtean 5.780 eurokoa zen Euskal Autonomia Erkidegoan. "Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun sistema historiko baten emaitza da hori, eta sistema horrek emakumeei esleitzen dizkie zaintza lanak. Horregatik, pentsioen arteko aldea % 30etik gorakoa da EAEn. Argi dago emakumeak direla zaintza lanak uztartzeko kontratu partzialak eta okerren ordaindutako lanak egin behar izan dituztenak", kritikatu dute.

"Bidegabekeria hori" Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bidez konpondu nahi dute pentsiodunek, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko pentsioak osa ditzan, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ateratako kontuen arabera, 66.000 emakumek jasoko lukete beren pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko osagarria.

Pentsionistek azaldu dute "oso martxa onean" doala HELaren aldeko sinadura bilketa kanpaina, eta dagoeneko 50.000 sinadura baino gehiago bildu dituztela. Azpeitian ere ari dira sinadurak biltzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide