Inauteriak 2025

Festa usaindun lorategia

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 26a, 09:00

Unai Gonzalez Etxabarri, lizarraldetarren etxeko lorategian. (Aitziber Arzallus)

Lizarraldetarren etxeko lorategia dotore apaindu ohi dute Gabonetarako, sansebastianetarako zein karnabaletarako. Unai Gonzalez Etxabarri aritzen da horretan, eskulanetarako eta festarako zaletasunak uztartuta. Beti gustatzen zaio zerbait berria egitea, eta horretan ari da egunotan. Bihar-etzitan jantziko du Artzubia kaleko lorategia aurtengo karnabaletarako.

Artzubia kalean, justu San Martin egoitzaren parean, bada atentzioa ematen duen etxe bat. Bi etxebizitza blokeren artean kokatuta dagoen etxe bakar eta handi bat da, Azpeitiko kalean gutxi bezalakoa, bere lorategi eta guzti. Lizarralde sendiaren etxea da, eta familia horretan bada norbait festazalea eta eskulanetan trebea, sansebastianen eta karnabalen bezperetan, urtero, lorategia dotore apaintzeko lana hartzen duena. Unai Gonzalez Etxabarri da bera, zestoarra jaiotzez, baina Azpeitiko bizilaguna duela hogei bat urte Izaskun Lizarralderekin ezkondu zenetik. Aurtengoan ere ez du hutsik egingo; sansebastianetarako dotore jantzi zuen lorategia, eta karnabaletarako ere halaxe egingo du, bihar-etzitan.

Bere zaletasunaz hitz egiten hasteko, hogei bat urte egin du atzera Gonzalez Etxabarrik, eta aitortu du beti gustatu izan zaiola asko emaztearen familiaren etxea. "Beti etorri izan naiz oso gustura. Etxea bera berezia da, leku oso onean dago, lorategi ederra dauka… Gabonetan eta, osabak-eta etortzen zirenean, sekulako kuadrilla juntatzen ginen, eta giro ederrean egoten ginen". Baina izaten zuen pena bat: "Sekulako pena ematen zidan horrelako etxe bat Gabonetan argirik gabe egoteak".

Halaxe, duela hogei bat urte edo, aitaginarrebari bota zion Gabonetan lorategian argiak jartzearen kontua, baina aurpegi zelebrea jarri zion hark, grazia handirik egin izan ez balio bezala. "Urte hartan ez nituen jarri, baina bai hurrengoan, inori ezer esan gabe gainera". Aitaginarrebak-eta ez zioten ezer esan, ez gustatu zitzaizkienik, ez ez zitzaizkienik, "baina, nonbait, lagunek-eta bai beraiei, lorategia zeinen polita jarri zuten eta horrelako komentarioak egin zizkieten", eta hurrengo urtean beraiek jo zuten suhiarenga argiak jarri beharko zituela esanez.

Lizarraldetarren lorategia aurtengo sansebastianetan. (Aitziber Arzallus)

Hasieran, Gabonetan bakarrik jartzen zituen argiak eta apaingarriak, baina aurki hasi zen festetarako ere lorategia girotzen. "Seme zaharrena izan genuenean hasi nintzen sansebatianetarako ere apaintzen, danbor handi batzuk jarrita. Bion artean zerbait egitea zen nire intentzioa, eta gerora beste bi seme-alabekin ere saiatu nintzen, baina alferrik, hasten ziren, baina segituan lagatzen zuten. Neu, ordea, gustura aritzen nintzen, eta jarraitu egin nuen". 

Aurrena Gabonetan, gero sansebastianetan ere bai, eta azkenean, baita karnabaletan ere; urte hasiera apaina izaten du lizarraldetarren etxeko lorategiak, batzuk kentzerako besteak jartzeko garaia izaten baita. "Ez pentsa, karnabalek izaten dituzten gorabeherekin, larri ibiltzen naiz batzuetan. Iaz, adibidez, pare bat asteko tartea besterik ez zen izan sansebastianetatik karnabaletara, justu-justu iritsi nintzen", dio, barrez. Saninazioetarako, aldiz, normalean ez du ezer jartzen, kanpoan izaten direlako, baina jendea zain izaten du. "'Jarri beharko duk ba zerbait?' galdetzen didate, eta niri baino gehiago aitaginarrebari eta, haiek ibiltzen direlako hemen. Jendea zain-zain egoten da, izugarria da. Batzuek festen bueltan lorategia ikustera etortzeko ohitura hartua dute". 

Lizarraldetarren lorategia iazko karnabaletan. (Aitziber Arzallus)

Karnabalak gustukoen

Eskulanak egitea beti izan du gustuko Gonzalez Txabarrik. "Mutil koskorretan, eskolan, ikaragarri gustatzen zitzaidan, eta pandemia garaian ere auskalo zenbat eskulan egingo genituen etxean; umeekin aritzen nintzen, eta agian neu gehiago haiek baino, denbora zerbaitetan pasatu beharra zegoen eta. Nik uste beti barruan izan dudan zaletasun bat izan dela, eta lorategia apaintzeko aitzakia honekin atera dudala". Asteburuetan, esaterako, oso goiz jaikitzen dela dio, eta familia esnatu arteko denbora horrelakoetan pasatzen duela. "Bestela ere, umeak dagoeneko hazi samarrak ditugunez, lehen baino denbora gehiago izaten dut niretzat, eta garajean daukadan txokoan gustura aritzen naiz". Edozein ideia balekoa izan daitekeela esan du, okurritu ahala egiten joaten dela. "Batzuk erraz ateratzen zaizkit, beste batzuek esperotakoa baino lan handiagoa ematen didate, baina entretenimentu polita da".

Eskulanak egitea bakarrik ez, festa ere derrigor gustatu behar horrelako lanetan hasteko, eta azkar esan du baietz; "gehiena karnabalak, gainera". Zestoarra izanda, hango jaiak ere ez ditu saltzeko. "Sakratuak dira niretzat. 52 urte ditut, eta Zestoako festetan, oraindik ere, motxila hartu eta gurasoen etxera joaten naiz". Egunotan, lorategirako apaingarriak ez ezik, mozorroa prestatzen ere buru-belarri ari da, horiek ere eskuz egindakoak gustatzen baitzaizkio. "Erositakoak-eta ez, neuri egitea gustatzen zait. Lagunei esaten diet gaia jartzeko, eta hortik aurrera, irudimena eta norberaren trebetasuna izaten dira gakoa". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide