Inauteriak 2025

Euskal inauterien "berpizkundea eta parte hartzea" sustatzeko xedez

Maialen Etxaniz 2025ko ots. 28a, 11:21

Dantza berria eskainiko duten ikasleetako batzuk, Ikasberrin. (Maialen Etxaniz)

Euskal inauterien jaialdia eskainiko dute gaur arratsaldean, 18:00etan hasita, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek, gurasoek, ikasle ohiek eta parte hartzera animatu diren herritarrek. Aurten, pertsonaia berriak aterako dituzte kalera: zirtzilak. Horiek dantza berria eskainiko dute. Ikasberriko ordezkariek jaialdia "indartu" nahi dute, eta ikasleen aburuz, hitzorduak balio du Euskal Herriko tradizioak bizirik mantentzeko. 

Inauteriak gerturatu ahala, gero eta jende gehiago joaten da asteburuetan Ipar Euskal Herrira eta Nafarroa aldera maskaradek eta euskal inauteriek tentatuta. Orain, pixkanaka berriro indartzen eta ezagutarazten ari diren arren, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik urte ugari darama euskal inauteri tradizionalen jaialdia herriko kaleetara eramaten. Horien "berpizkundea eta herritarren parte hartzea" sustatzeko asmoz prestatzen dute jaialdia, eta, aurten, berrikuntza gisa, hainbat aldaketa egin dituzte. Esaterako, dantza berri bat eskainiko dute gaur arratsaldeko festan, eta Ikasberriko ikasleez gain, ikasle ohiek eta bestelako herritarrek ere parte hartuko dute emanaldian. 

Ikasberriko ordezkariek nabarmendu dutenez, antzinako euskal ohiturak "berreskuratzea" eta euskal kultura herrira zabaltzea nahi dute jaialdiarekin. Horretarako lanean aritu dira urte luzez, eta ez dute festa eteterik nahi. Kontrara, euskal inauterien tradizioa indartu eta biziberritu nahi dute, "gure historia eta identitatea berreskuratzeko aukera" eskaintzen duela iritzita.

Berrituz eta indartuz

Azken urteetan inauterietako jaialdian egin dituzten dantzez gain, beste bat egingo dute aurten, berrikuntza gisa. Horretarako, orain arte egin duten piezetako bat kendu dute. Gainera, beste nobedade bat ere gehitu diote festari, eta herritar orori irekita egingo dute jaialdia. Hain zuzen Lantzeko zortzikoa egitera animatu dituzte herritarrak, eta horretarako entseguak egiten aritu dira egunotan. 

June Verdejo, Amin Jeaovane eta Hodei Clavijo DBH3ko ikasleak dira, eta horiek zakuzaharrez jantzita aterako dira bihar. Iara Sustaeta, Haitz Errazu, Ane Sorasu eta Nahia Criado DBH3 eta DBH4ko ikasleak dira, eta horiek dantza berria estreinatuko dute. Guztientzako "oso berezia" izaten da euskal inauterien jaialdia, eta "gogoz" prestatzen dituzte dantzak. Aitortu dute "dantza batzuk zailak" direla, eta entsegu ugari egin behar izaten dituztela, baina hala ere denak bat datoz "jaialdiaren eguna polita" dela esatean. Ikasleek diote txikitatik jaso duten tradizioa dela, "mantendu beharreko ohitura". Halaber, "lagunekin ondo pasatzeko" aukera eskaintzen direla nabarmendu dute, baita Euskal Herriko ohiturez gehiago jakitea ere. Janzten dituzten mozorroetako hainbat elementu eskuz egiten dituzte, ikastolan bertan. Esaterako, txatxoen txapelak edo joaldunen joareak. 

Ikasle ohiek ere parte hartu izan dute jaialdian. (Ikasberri)

Dantza berriaren proposamena irakasle baten partetik jaso zuten ikasleek, eta ondo ikusi zutela kontatu dute: "Euskal kulturan presente dauden dantza batzuk jaialdian txertatu nahi zituela esan zigun irakasleak, eta horietako bat egitea proposatu zigun". Horrenbestez, aurrenekoz, DBH3ko eta DBH4ko zenbait ikasle zirtzilez jantzita aterako dira kalera gaurkoan; Uztaritzeko inauterietako pertsonaia da, eta ikasleek aurreratu dutenez, pertsonaia zirikatzailea da. "Pertsonaiak bezala egingo dugun dantza ere zuzena izan beharrean ondo pasatzeko koreografia izango da", azaldu dute. Jantziak koloretsuak izango direla ere aurreratu dute: "Zirtzilek ez dure jantzi zehatzik, lekuan leku desberdin janzten dira, eta guk erabaki dugu nola joango garen jantzita jaialdian. Koloretako alkandora eramango dugu, zintadun txapela, praka bakeroak edo beltzak eta abarkak". 

Guztiek begi onez ikusten dute jaialdi herrira irekitzea: "Beti elkartzen da jende dezente kaleetan jaialdia ikusteko. Giro ona jartzen dute. Hala ere, ondo iruditzen zaigu nahi duenak jaialdian parte hartzeko aukera izatea".

Euskal pertsonaien bereizgarriak

Euskal inauteriek badute sinbologia eta esanahi jakin bat. Pertsonaia bakoitzak dauka istorio bat atzetik, eta horiek ikasten dituzte Ikasberrin txikitatik. Miel Otxin eta Ziripot, txatxoak, mamoxarroak, zakuzaharrak, joaldunak, kotilungorriak eta erraldoiak dira euskal inauterietako pertsonaia ezagunetako batzuk, eta horien rolean jartzen dira Ikasberriko ikasleak, mailaz maila, txandakatuz. 

Badaude ikasleen artean "maiteagoak" edo "kutunagoak" diren pertsonaiak eta dantzak. Aurten zakuzaharrez jantziko direnek uste dute pertsonaia dibertigarria dela haiena: "Guk zarata atera eta jendea zirikatuko digu. Oraindik ez dugu probatu, baina uste dugu orain arteko dibertigarrienetakoa dela". 

DBH4ko ikasleen aburuz, Ikasberrik euskal kulturako pertsonaien ezaugarriak, baloreak eta tradizioak berreskuratzen eta zabaltzen egiten duen lana "oso garrantzitsua da", eta uste dute transmisio horri esker gauza asko ikasteko aukera izan dutela urteetan zehar.

Amin Jeauvane, Hodei Clavijo eta June Verdejo, Zakuzaharrez jantzita. (Maialen Etxaniz)

Marta Trigo: "Galiziako inauteri tradizionalek badute euskal inauterien kutsua"

Gaur arratsaldean dantzara aterako diren gurasoetako bat da Marta Trigo. Galiziakoa da, eta Ikasberriko haur baten ama. "Dantza eta jantzi tradizionalen zalea da", eta horrek bultzatu du, besteak beste, inauterietako jaialdian parte hartzea. "Asko atsegin ditut euskal dantzak; oro har, dantza egitea ikaragarri gustatzen zait. Nire bikotekideak badakizki euskal dantzak, baina ez da jaialdian parte hartzera animatzen. Beraz, nik eman dut pausoa, eta entseguei esker zertxobait gehiago ikasi dut", azaldu du Trigok. "Nire semea lotsatia da, eta saiatzen naiz hura animatzen gauzetan parte har dezan. Hemengoa da, eta lotsatu egiten da; pentsatu nuen ni galiziarra izanda eredu izan nintekeela, erakusteko ez dela garrantzitsua dantza bikain egitea, parte hartzea dela garrantzitsuena", gaineratu du. 

Sanjuanetan piztu zitzaion euskal dantzetarako grina Trigori. "Urrestillako sanjuanetara joaten gara, eta han ohikoa da plazara ateratzea suaren bueltan elkarrekin dantza egitera. Urtero gogoz egoten naiz jaian parte hartzeko, baina ez naiz ausartu izan. Orain, entseguei esker zertxobait gehiago dakit", aitortu du Galiziakoak. Txatxoz jantziko da gaurko jaialdirako, eta bi dantza egingo ditu, Lantzeko zortzikoa eta Gaztelugatxeko Martxa. Beraz aparte, beste hainbat gurasok eta ikasle ohik ere parte hartuko dute jaian. Horietako batzuek entseguetan ezagutu dute elkar, eta dozenatik gora lagun elkartu direla kontatu du Trigok.

Ourensekoa da, eta Galiziako inauteriak "ikaragarri" gustatzen zaizkio. Aurten, euskal inauterien jaialdia amaitu ostean, Galiziara joango da, hango karnabalaz gozatzera; izan ere, karnabalek Galizian "indar handia" dute. Berezitasun bezala, kontatu du, Galiziako inauteri tradizionalek badutela Euskal Herrikoen antza: "Bitxia da, baina Galiziako inauteri tradizionalek badute euskal inauterien kutsua. Jantziak antzekoak dira, koloretsuak, eta pertsonaiak ere badaude".

Hurrengo urteetan ere dantzara animatuko dela aurreikusten du Trigok, eta gainerako herritarrei ere parte hartzeko deia egin die. 

Marta Trigo, Ikasberriko ikasle baten  ama eta jaialdian parte hartuko duen helduetako bat. (Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide