Eudeleko Batzorde Exekutiboan ordezkaritza duten udalerri batzuetan –tartean, Azpeitian– Udalhiz udal langileen hitzarmena berritzeko eskaera egin du gaur, ostirala, ELAk. Sindikatu horrek deituta, dozena inguru lagun elkartu dira Azpeitian udaletxearen aurrean, tartean Azpeitiko Udaleko hainbat behargin, Eudel: zerbitzu publikoak indartu. Lan baldintzak hemen erabaki lelopean.
Plazan elkartu diren lagunek, Espainiako Estatuko markoaren gainetik eta Euskal Herriko errealitatea kontuan hartuta, udal langileen lan baldintzen marko berria egitea eskatu diote Eudeli. Halaber, balizko negoziaketak ekar dezakeen akordioa udal guztietan aplikatzeko konpromisoa hartzeko ere galdegin diote, baita udaletan dauden negoziaketa eta akordio prozesuak errespetatzeko ere. Eta baldintza hobeak dituzten udaletan horiek errespetatzeko ere exijitu du sindikatuak. Udalhizen negoziaketa berrirako oinarria 2008-2010ean adostutako hitzarmena izan dadila ere galdegin du ELAk, eta negoziaketetatik ateratzen den akordioa etorkizunean betetzeko eta defendatzeko konpromisoa erakusteko ere eskatu dio sindikatuak Eudeli.
Helburua lortu arte "borrokan" segituko dutela adierazi du ELAk. Izan ere, sindikatuak adierazi duenez, udal langileen baldintzak "gainbehera etengabea" ari dira pairatzen. Halaber, "kapitalismo bortitza" gizartean desberdintasun sozialak areagotzen ari dela ere azpimarratu du: "Desberdintasun horiek lausotzeko ezinbestekoa da zerbitzu publikoak indartzea eta kontrapisua egitea, eta gure ustez, zerbitzu publikoak indartu beharrean, okertzen ari da zerbitzu publikoen kalitatea".
Zerbitzu publikoen kaltetzeak "lotura zuzena" du, ELAren ustez, langile publikoen lan baldintzen gainbeherarekin, eta langile publikoen lan baldintza egokirik gabe "ezinezkoa" da herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea.