Inauteriak 2025

Egunik eleganteenetan eleganteena

Andoni Elduaien 2025ko mar. 2a, 14:23

Herritarrek jantzirik dotoreenak hautatu dituzte gaurko Elegante Egunerako. Eguerdirako hasi dira azpeitiarrak eta bertara joandakoak eguna ospatzen. Jendetza elkartu da, beste urte batez; sokamuturraren nahiz artzain-inudeen kalejira eta gero, zaila izan da Alde Zaharrean ezertarako zirrikiturik aurkitzea.

Jai Karnabalero lez, Azpeitia elegante jantzi da gaur ere. Gaur, igandea, Elegante Eguna ari dira ospatzen herritarrak, eta urtebete inguruan armairuan gordeta izan dituzten jantziak soinean zituztela, eguerdirako hasi da festa gosez zen jendea giroa berotzen. Alde Zaharreko kaleak eta plaza jendez lepo bete dira beste urte batez. Zaila izan da ezertarako lekurik aurkitzea, egiari zor. 

Lehen orduan, musikariek piztu dute festarako sugarra: Izarraitz txistulari taldearen dianaren ondoren, Udal Musika Bandakoak, banda gaztea, Antxietako musika eskolako txilibiteroak eta Arrasateko gaiteroak ibili dira kalerik kale. Plazaren bueltan, berriz, zezena ibili da eguerdian, eta hura amaitu bezain laster Itsasikoek artzain-inudeen kalejira egin dute, danbor jotzaileekin eta karrozarekin batera. Gaurko egunez usadioa den moduan, lagun artean zein familian tragoa hartu dute azpeitiarrek pintxoek eta bestelako mokaduek lagunduta. Baina, argazkia ateratzeko tartea ere edonork aprobetxatu du plazan.

Gaurko eguna hasi besterik ez da egin. Arratsaldean eta iluntzean ere izango da festarako hitzordurik. Hona hemen gaur arratsaldeko egitaraua:

  • 16:00. Astindu armayuek DJ La Fulanarekin, Azoka Plazan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak, Arrasateko gaiteroek eta Udal Musika Bandak zezenaren irteera girotuko dute, Plaza Txikian.
  • 16:30-20:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Bergarako Zezenak.
  • 19:30. Gauerdi txaranga.
  • 19:30. Obaneuke taldearekin erromeria, plazan.
  • 20:00. Skapaie elektrotxaranga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide