ISBren gizonek bigarren postua berreskuratu dute, eta emakumeek hirugarren partida galdu jarraian

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 3a, 11:12

Biele ISBko IƱigo Royo uztaia birrintzen, Archenaren kontrako partidan. (Mikel Amenabar)

Archena aurkari zuzena 85-74 hartu zuen mendean Biele ISBk zapatuan Azpeitian. Domusa Teknik ISBk, aldiz, ezin izan du bolada txarra eten Caceresen (71-62).

Gizonek bale, eta emakumeek kale. Zoriaren bi aldeak ezagutu dituzte asteburuko jardunaldian Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek.

Aurreko asteburuko atsedenaren ostean, garaipenetan berdinduta baina sailkapenean postu bat aurretik zuen Archena hartu zuen joan den zapatuan Azpeitiko kiroldegian Biele ISBk. Urrezko garaipena eskuratuta (85-74), Espainiako Bigarren FEB ligako Mendebaldeko multzoaren bigarren tokia berreskuratu du, horrenbestez, Iñaki Merinoren taldeak. Atsedenaldira joan aurretik zein aldageletatik itzuli berritan oinarritu zuen garaipena Iraurgik. Lehen laurden parekatuaren amaieran, hiru puntuko abantaila zuten kanpokoek (18-21). Bigarren laurdenean hartu zuten markagailuan agintea etxekoek (27-15), atsedenaldira bederatzi puntu goitik iristeko (45-36); eta, 23-15 partzialarekin, hirugarrenean hamazazpi punturaino gizendu zuten aldea (68-51). Lan zailena eginda, estutasun handiegirik gabe kudeatu zuten abantaila Iraurgikoek azken laurdenean; Archenakoen ahaleginak azken laurdena irabaztearen saria izan zuen haientzat (17-23), baina garaipenak ez zien ihes egin Azkoiti-Azpeitikoei (85-74).

Sailkapenean bosgarren postuan baina garaipen bakarrera duen Melillaren kantxan jokatuko du Biele ISBk hogeigarren jardunaldiko neurketa, datorren zapatuan, 20:00etan.

Hirugarren porrota jarraian

Domusa Teknik ISBk, aldiz, hiruraino luzatu du emaitzen bolada txarra Espainiako LF Challenge ligan.

Zapatuan, 22. jardunaldiko partidan, 71-62 galdu zuen Luis Agirre Katxi-ren taldeak Caceresen. Aurreko jardunaldian etxean Adarevaren kontra gertatu zitzaion bezala, ez zen batere ondo hasi Iraurgi: 16-8 galdu zuten lehen laurdena, eta bigarrengoaren partziala bereganatu arren (20-21), zazpi puntu atzetik zirela joan ziren aldageletara Iraurgiren emakumeak. Hala ere, aurrekoan baino hobeto eman zion buelta egoerari taldeak, hirugarrena 13-17 irabazita, eta azken laurdenaren atarian partidan sartuta jarraitzen zuen, nahiz eta azkenean erreakzioa ez zen nahikoa izan. Desabantaila hiru puntura murritzuta ekin zion Domusa Teknik ISBk partidaren azken txanpari, baina etxekoak izan ziren laugarren laurdenean esnatu zirenak (22-16), Azkoiti-Azpeitikoen erreakzioa ezerezean utziz.

Hiru partida erreskadan galdu arren, zazpigarren postuari eusten dio Domusa Teknik ISBk, baina atzekoekiko abantailaren koltxoia mehetu zaio guztiz. Datorren zapatuan Azkoitian jokatuko dute Iraurgikoek, 18:00etan, Recoletas Zamora sailkapeneko bosgarrenaren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide