Galtzailearen mozorroa egokitu zaie aurtengo karnabaletan Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiei. Galtzearekin batera, puntu garrantzitsuak batzeko abagunea galdu zuten asteburuan gizonek zein emakumeek.
Aurreko asteburuan Deustun urrezko hiru puntu modu epikoan irabazi ondoren, igoerako play-off-a jokatzeko aukera ematen duten postuen borrokan sartu zen bete-betean Lagun Onak Espainiako Hirugarren Mailako bere multzoan: seigarren tokira igo zen, play-off-etan aritzeko aukera ematen duen bosgarren eta azken postuaren jabe Deusturengandik puntu bakarrera. Joan den zapatuan, postu hori sendotzeko eta aurkari zuzen bat atzean uzteko aukera zuen Azpeitiko taldeak. Touringekin neurtu zituen indarrak Garmendipen, baina emaitza ez zen izan Riberarenek esperotakoa, eta Errenteriako (Gipuzkoa) taldearentzat izan zen altxorra (1-2).
Katramilatuta eta jokoari neurria hartu ezinda ekin zion partidari Lagun Onakek. Touringek bereganatu zuen zelai erdia, eta aurkariak jarritako oztopoak gainditu ezinda ibili zen etxeko taldea lehen zatiaren zatirik handienean. Gainera, 38. minutuan gola egin zuen Touringek, Jose Luis Riberaren taldekoek atzean lo hartu ondoren. Markagailuan atzetik jarri zenean esnatu zen, nolabait, Lagun Onak. Bisitarien areara iristen hasi zen Azpeitiko taldea, eta lehen zatiaren azken minutuan, penaltitik, berdinketaren gola egin zuen Xabi Gereta kapitainak. Horrenbestez, hasiera puntutik abiatu ziren bi taldeak bigarren zatian. Baina Lagun Onaken desgrazirako, lehen zatiakoaren antz handiegia hartu zuen bigarrenaren hasieran: etxekoak trabatuta eta asmatu ezinda ari ziren bitartean, Touring zelaian ondo jarrita eta jokoan eroso. Defentsan beste deskuido bat, area kanpotik egindako beste jaurtiketa bat, eta Touringen bigarren gola iritsi zen. 63. minutua zen, ordu erdi gelditzen zen neurketa bukatzeko, baina Lagun Onakek ez zuen egoerari buelta eman ahal izateko adina indarrik erakutsi.
Galdu arren, sailkapenaren seigarren tokian jarraitzen du Azpeitiko taldeak bere 35 puntuekin. Bosgarren tokia laura du orain; aldiz, are gehiago estutu da Lagun Onaken borroka berean daudenen arteko aldea: seigarren eta hamahirugarren postuen artean, Lagun Onaken (35) eta Pasaiaren (31) artean, zortzi talde daude lau punturen barruan. Horietako bat da Eibar B, eta haren zelaian jokatuko du zapatuan (15:30) Riberaren taldeak.
Porrota ezustean
Hogei jardunaldi zeramatzan Ondarbeltz Amaikak Mutriku taldeak Ohorezko Erregional Mailan puntu bat bera ere batu gabe, baina 21.ean eta Lagun Onaken kontra lortu ditu bere lehen hiru puntuak. 1-0 galdu zuen Miren Arrondoren taldeak.
Zortzigarren postuan jarraitzen du Lagun Onakek, sailkapenaren erdi-erdian, goiko zein behekoengandik urruti. Datorren asteburuan Bergara hartuko du Garmendipen Azpeitiko taldeak.