Aurtengoz bukatu dira karnabalak. Ostiraletik gaur arte, igandea eta astelehena egun nagusi izanda, jaian murgilduta ibili dira azpeitiarrak. Gaur, Astearte Karnabalez, apalagoa izan da festa giroa, baina hala ere arratsaldeko sokamuturrean jende asko ibili da. Lopene ganadutegiko zezenak atera dituzte, eta Igor Sagardogi sokamutilak bere azken eguna izan du sokan.
Atzo bezala, gaur ere haurrentzako jolas parkea zabalik izan da Izarraitz pilotalekuan arratsalde osoan. Bertaratu diren haurrek puzgarrietan eta beste hainbat jolasetan ibiltzeko aukera izan dute 20:00ak bitartean.
Iluntzeko zortzietan sokamuturra bukatutakoan, karnabalak agurtzeko suzko zezena atera dute plazan, Irulitxa txaranga eta sokamutilak aurretik zituela. Plazan bueltaka ibili ondoren, suzko zezenaren txinpartak nola, hala bukatu dira karnabalak.