Martxoko guraso eskoletan arrazakeria eta kultur aniztasuna lantzea erabaki dute Azpeitiko Udaleko Hezkuntza batzordeko ordezkariek. Azken urteotako aldaketa demografikoaren bereizgarrietako bat immigrazioa izanda, eta kontuan hartuta Azpeitian gero eta gehiago direla jatorri atzerritarreko familiak, interesgarria ikusi dute guraso eskolen antolatzaileek gaia lantzea.
Hala, hil honetarako hiru hitzaldi prestatu dituzte guraso eskoletan, "gaiari hainbat ertzetatik heltzeko". Udalak azaldu du, solasaldiak guraso eskoletan antolatu arren, nahi duten herritar guztientzako irekiak direla. Hiru saioak Basazabal jauregian izango dira, 18:00etan hasita.
Saioetan, euskaratik gaztelaniara itzulpen zerbitzua eskainiko dute, eta zerbitzu hori behar dutenek aurrez eskatu beharko dute 943-25 50 06 telefono zenbakira deituta edo ekorta@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita. Itzulpen zerbitzurik behar ez dutenek aurrez ez dute izena eman beharrik hitzaldietara joateko.
Guraso eskoletako hitzaldiak:
- Martxoaren 12a, asteazkena. Gaia: Kulturartekotasunaren eta euskararen erronkak gure herrian. Amelia Barquin eta Karmele Perez Mondragon Unibertsitatekoak eta Eneritz Albizu UEMAko kidea ariko dira hizlari. Kulturartekotasuna eta Euskara Azpeitian izeneko egitasmoa aurreko ikasturtetik abian dago herrian. Euskararen erabilerari eustea da haren helburua, beti ere atzerritar jatorriko familiekin komunikazioa bermatuz eta herrian dauden kulturen arteko harremanak eraikiz eta haien parte hartzea sustatuz. Hitzaldian erronka horiei buruzko gakoak azalduko dituzte.
- Martxoaren 18a, asteartea. Gaia: Kultur aniztasuna eta arrazakeria. Itziar Gorostidi eta Abdoulaye Sarr SOS Arrazakeria elkarteko kideek hitz egingo dute, eta elebitan izango da soalsaldia. Arrazakeriaren jatorriaz, narratiba berrien eraikuntzaz eta gizartean dauden rolei buruz ariko dira, besteak beste.
- Martxoaren 27a, osteguna. Gaia: Migrazio prozesuak: zurrumurruak eta jarrerak. Xabier Aierdi Begirune fundazioko kidea ariko da hizlari, egungo migrazio prozesuei eta etorkizunerako aurreikusten direnei buruz.