Martxoaren 8ko adierazpen instituzional bateratua egin dute Azpeitiko Udaleko EH Bilduk eta EAJk

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 7a, 09:00

Puntu morea Azpeitiko udaletxean.

Azpeitiko Udaleko EH Bilduk eta EAJk adierazpen bateratua adostu dute Martxoaren 8rako. Gobernantza feministaren garrantzia nabarmendu dute bi alderdiek, eta biharko Feministen Sareak deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.

Azpeitiko Udaleko EH Bilduk eta EAJk adierazpen bateratua adostu dute Martxoaren 8aren harira, eta bihar Feministen Sareak deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko dei egin diete herritarrei.12:30ean izango da, plazan.

Hona hemen adierazpen bateratua, osorik:

"2025eko martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo adierazpena eta ekintza plataformaren adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide orria abian jarri zuten.

Ibilitako azken hiru hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da, eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun politiken araudi eta erakunde garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.

Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Genero desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; eta azken honek, gainera, prekarizazio norabidea nabarmen hartu du. Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz.

Izan ere, aurrez aipatu bezala, genero desberdintasun estrukturalak oraindik ere ematen dira. Egoera honen kontziente izan behar dugu eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeak boteretzera ere eraman beharko lukete. Horretarako, ezinbestekoa da Gobernantza Feminista aurrera eramatea. Gobernantza Feminista berdintasun politiketan historikoki kokatua izan da, Berdintasun Planen zutoinetako bat bezala, eta honi Gobernu Ona esan zaio. Gobernantza Feminista ezinbestekoa da emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta politika publikoetan ikuspegi feminista txertatzeko.

Azpeitiko Udalak II. Berdintasun Plana garatuko du, gobernantza eredu horretan sakonduz eta berdintasun politiketan urrats berriak eginez. Lidergo transformatzailea sustatzea eta prozesu subiranistetan ikuspegi feminista barneratzea ditu helburu.

Eta, horregatik guztiagatik, azken urteetako berdintasun politikek oinarri sendoak sortu badituzte ere, erronka berriei aurre egiteko politika feminista behar da. Horrela, nabarmentzekoa da indar ultrakontserbadoreek berdintasunaren kontra abiatu duten gurutzada, eta argi dugu horien aurrean egongo garela instituzio bezala. Baina handik haragoko politikak behar ditugula esan nahi dugu gaurkoan. Zeharlerrotasun erradikala aplikatuz, sailen arteko lankidetza sustatu eta ikuspegi feminista ekonomia, zaintza, hirigintza eta indarkeria matxistara zabaldu behar da. Herritarrekin elkarlana bultzatuz, erakundeek konpromiso argia hartu beharko dute dinamika eraldatzaileak martxan jartzeko.

Horregatik guztiagatik, Azpeitiko Udalak honako hau erabaki du:

  • Azpeitiko II. Berdintasun Plana egitea.
  • Sustapen egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, berdintasunerako politika publikoen kalitate estandarren arabera.
  • Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
  • Azpeitiko herrian emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
  • Azpeitiko udaleko arreta eta koordinazio zerbitzuak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
  • Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
  • Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.
  • Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko ekintza planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.
  • Gobernantza parte hartzaile eta demokratikoa garatzeko espazio konpartituak sortzea eta indartzea.
  • Mugimendu Feministarekin batera Zaintzen aldeko Herri Itunarekin bat egitea eta espazio partekatuetan aurrera eramatea.
  • Jabekuntza eskolei eta emakumeen etxeei behar adina baliabide bermatzea.
  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak bultzatutako dinamikekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea.
  • Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egiten duen lana aitortzea.

Genero berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu mugimenduarekin bat eginez, Azpeitiko Udalak konpromiso irmoa hartzen du berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde lan egiteko. Azkenik, Azpeitiko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako deitu duen elkarretaratzean parte hartzera animatzeko deia egiten du udalak. 12:30ean izango da, plazan".

 
 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide