Emakume iraultzaileen izenak, kale izendegira

Julene Frantzesena 2025ko mar. 9a, 07:20

Herriko kale izendegiaren karteletan egin du ekintza Azpeitiko Gaztetxeak.

Martxoaren 8aren bueltan, herriko kale izendegian emakume iraultzaileei lekua egin die Azpeitiko Gaztetxeak. Herriko kale edo plaza izenak agertzen diren kartelen gainean jarri dituzte historian zehar borrokan aritu diren hainbat emakumeren izenak. Gaztetxeko kideen ustez berreskuratu egin behar da M8aren "borroka" izaera.

Martxoaren 8aren harira, herriko kale izendegian emakume iraultzaileei lekua egin die Azpeitiko Gaztetxeak. Hain zuzen ere, Alde Zaharreko hainbat kale edo plaza izenak agertzen diren kartelen gainean jarri dituzte historian zehar borrokan aritu diren hainbat emakumeren izenak. Plazari, adibidez, Inessa Armand iraultzaile feminista frantziarraren izena eman diote.

Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, M8ari begira ekintzak egitea garrantzitsua iruditzen zaie, eta horregatik egin dute kale izendegian aldarrikapena. "Azpeitiko kale askoren izenak pertsonaia historikoenak dira, eta iruditzen zitzaigun polita izan zitekeela emakume iraultzaileei omenaldia egitea eta haien borrokak goraipatzea", esan dute.

Martxoaren 8aren izaera aldaketan jarri du arreta Azpeitiko Gaztetxeak, izan ere, hango kideen ustez berreskuratu egin behar da egun horren "borroka" izaera. "Ikusten dugu erasoek hor jarraitzen dutela, emakumeek lehen mailako arazo hainbat pairatzen dituztela, emakume langileek egunero jasotzen dituztela zapalkuntzak...".

Hori horrela bada ere, M8a "guztiz desitxuratu" dela esan dute: "Borroka egun gisa sortu zen, aldarriak kalera ateratzeko eta emakumeak iraultzaren lehen lerroan jartzeko, baina ospakizun egun bilakatu da; edozein alderdi politikok edo edozein enpresak aurpegi zuriketarako baliatzen duen aitzakia bilakatu da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide