Domusa Teknik ISBk LF Challengeko kanporaketak jokatzeko aurrerapauso handia eman zuen atzo, zapatua, Azkoitiko kiroldegian. Luis Agirre Katxi entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak 84 eta 72 hartu zuen mendean Recoletas Zamora taldea, liga kanporaketako partidak jokatzea ia-ia ziurtatua duen beste taldea. Azkoiti-Azpeitiko taldeak azken laurdenean hautsi zuen lehia, azken hamar minutuetan sekulako eraginkortasuna erakutsi baitzuen.
Katxiren taldearena izan zen jokoaren ekimena ia minutu denetan, baina markagailuan ezin izan zuten otsoek aurkariarengandik urrundu. Pare-pareko minutuak jokatu zituzten aurreneko laurdenean; batik bat, erasoan erakutsi zuten erritmoa eta intentsitatea bi taldeek. Etxekoek lehen laurdenean asko asmatu zuten saski aurrean, nahiz eta laurdena atzetik itxi (21-23). Bigarren laurdenean ere bide beretik jo zuen norgehiagokak; bisitariek ondo baliatu zituzten erasoan izandako aukerak, baina ISBk sendotasuna erakutsi zuen jokoan, eta gainera, kanpokoen hutsak ederki baliatu zituen. Hala, atsedenaldira berdinduta iritsi zen lehia (43-43).
Atsedenalditik bueltan, baina, bestelako itxura hartu zuen partidak. Kanpoko taldeak defentsako lerroak moldatu zituen ISBren erasoko jokoa eteteko asmoz, baina Katxirenek ondo aurkitu zuten puntuak pilatzen jarraitzeko bidea. Jessie Edwardsek eta Juana Molinak, batik bat, puntuak pilatu zituzten hirugarren laurdenean, eta haiei esker aurrenekoz aurkariarekiko tarte txiki bat zabaltzea lortu zuen etxeko taldeak (62-58).
Lehiaren ebazpena azken laurdenerako utzi zuten. Recoletas Zamorak azken saiakera egitea erabaki zuen; izan ere, Zamorako (Espainia) taldeak irabazita ia guztiz ziurtatuko zukeen liga kanporaketa jokatu ahal izateko postua. Ordea, Azkoiti-Azpeitiko taldeak ere helburu bera du, eta atzo garaipena lortzea ezinbestekoa zuen hori lortzeko bidean. Hori hala izanda, Katxik zuzentzen duen taldeak eraginkortasun handia erakutsi zuen kanpoko lerroko jaurtiketetan, eta erreboteak pilatzen egindako lanak garaipena lortzera eraman zuen. Amaieran, Domusa Teknik ISBk 84, Recoletas Zamorak 72.
Atzoko garaipenari esker, tarte ederra ireki du Azkoiti-Azpeitiko taldeak sailkapenean atzeko taldeekiko. Hamabi garaipenekin, sailkapeneko zazpigarrena da orain ISB. Datorren asteburuan, hain justu, aurreneko zortzi talde onenen artean sailkatu ahal izateko helburuari begira garrantzi handia duen lehia jokatuko dute otsoek. Igandean, La Corda de Paterna NB taldearekin neurtuko ditu indarrak ISBk Paternan (Herrialde Katalanak), 12:00etan.
Gizonen porrota Melillan
Biele ISBk, bestalde, Melillan (Espainia) jokatu zuen Bigarren Federazio mailako hogeigarren jardunaldiko partida, eta Iñaki Merinorenek 83 eta 76 galdu zuten. Berebiziko garrantzia zuen lehia zen Melillakoen eta ISBkoen artekoa; izan ere, goiko postuetako dema jokatu zuten bi taldeek. Dena den, lehen laurdenean egindako lanak ebatzi zuen gerora lehia. Etxekoek aurreneko hamar minutuetan zabaldu zuten zazpi puntuko tartea irauli ezinda ibili ziren ondorengo hiru laurdenetan otsoak.
Aurreneko laurdena zazpi puntu atzetik itxi zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, baina, bigarrenean, hamar puntura urrundu zen aldea. Bigarren zatian saiatu ziren Merinorenak urrun ikusten zuten langara hurbiltzen, baina etxekoek otsoen saiakera oro eten zuten. Soil-soilik azken laurdenean lortu zuen ISBk markagailuan hurbiltzea, baina garaipenagatik borroka egiteko tarte gutxi utzi zieten etxekoek. Hamar puntuko errenta izan zuten jomuga otsoek, eta zaila egin zitzaien etxekoak urduri jartzea. Amaieran, Melilla Ciudad del Deportek 83, Biele ISBk 76.
Sailkapeneko bigarren postuari eusten dio oraindik ISBk, baina jardunaldiz jardunaldi, aurreneko postua urrunago eta atzekoak gertuago ikusten ditu. Datorren igandean, hilak 16, Azkoitiko Elkarguneko kantxan jokatuko dute Merinorenek Clinica Ponferrada SP taldearen aurka (18:00). Atzo Melillakoen aurka jokatu zuten dema bezala, datorren asteburukoa ere zinez garrantzitsua izango da otsoentzat, Ponferradako (Espainia) taldea hirugarrena baita gaur-gaurkoz, ISBk baino garaipen bat gutxiagorekin.