Kontakt inprobisazio saioak antolatu ditu Kulturazek

Julene Frantzesena 2025ko mar. 9a, 15:34

Naiara Berezibar eta Aiala Etxegarai kontakt inprobisazioa praktikatzen. (Kulturaz)

Martxotik ekainera lau jam sesio egingo dituzte Dinamoa sormen gunean. Doako saioak izango dira, eta dantza diziplina hori praktikatu ahal izango dute hala nahi duten herritarrek. Naiara Berezibarrek eta Aiala Etxegaraik dinamizatuko dituzte saioak, eta aurrena hurrengo zapatuan izango da.

Kontakt inprobisazioa praktikatzeko abagunea izango dute herritarrek martxotik ekainera bitartean Dinamoa sormen gunean. Kulturaz kooperatibak jam saioak antolatu ditu, eta horiek Naiara Berezibarrek eta Aiala Etxegaraik dinamizatuko dituzte.

Lau saio egingo dituzte, guztira, larunbatetan. Aurrena datorren zapatuan izango da, 10:00etatik 14:00etara. Hurrengo hitzorduak honako hauek izango dira: apirilak 26 (10:00-14:00), maiatzak 18 (16:00-20:00) eta ekainak 14 (10:00-14:00). Saioak doakoak izango dira, eta nahi duten herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera.

Kontak inprobisazioa egiteko aukera izango dute herritarrek. Dantza praktika posmodernoa da, eta mugimenduan dauden bi pertsonen elkarrizketan oinarritzen da, koreografiarik gabe, gidoirik gabe, inprobisazioa landuz. Halaber, dantza mota horrek fisikalitatea aztertzeko aukera ematen du, esperientzia kontuan hartu gabe eta jolasa, jakin mina nahiz plazera ardatz hartuta.

Hainbat jarraibide

Saio bakoitza beroketa ariketekin hasiko dute, eta parte hartzaileei ordurako azaltzeko eskatu diete horien antolatzaileek; izan ere, beroketa eginda, itxi egingo dute Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuko atea.

Bestalde, ikasgelara arropa erosoarekin joatea gomendatu dute, botoirik eta kremailerarik gabeko oihal malgudun arropekin. Halaber, eraztunak, belarritako luzeak, eskumuturrekoak, piercingak edo bikoteen arteko kontaktuan eragozpenak sor ditzaketen objektuak kentzeko ere eskatu dute, baita eskuetako nahiz oinetako azkazalak moztuta izatea ere.

Aldatzeko arropa ematea ere gomendatu dute, eta besteak "deseroso" senti daitezkeen usain indartsuak –lurrin eta izerdi usainak– saihesteko ere eskatu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide