Borroka eginda irabazi dute Lagun Onakeko emakumeek, eta akatsen erruz galdu gizonek

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 10a, 09:51

Emakumeen partidako irudia. (Lagun Onak)

Bergararen kontra 2 eta 1 irabazi du Ohorezko Erregional mailako emakumeen taldeak Garmendipe zelaian. Gizonezkoen Hirugarren Mailako taldeak, aldiz, 1 eta 4 galdu du Eibarren aurka.

Lagun Onaken Ohorezko Erregional mailako taldeak galtzen hasi zuen igandean Bergararen kontrako lehia, baina, azkenerako, borroka egin eta hiru puntuak poltsikoratu ahal izan zituen emakumeen taldeak.

Partida parekatua jokatu zuten Lagun Onakek eta Bergarak Garmendipe zelaian. 16. minutuan, bisitariek aurre hartu zuten markagailuan, baina pozak lau minutu besterik ez zien iraun bergararrei: aldeko falta batean baloia sareratu zuen Lorea Ruedak, 20. minutuan. Banakoarekin konforme ez, eta atsedenaldia baino lehenago beste gol bat egin zuen Lagun Onakeko Malen Astigarrak, penaltiz.

Aldageletatik bueltan, abantailari eustea besterik ez zuen behar Lagun Onakek, eta hala egin zuen, baina dezente sufrituta. Azken minutuetan sarri hurbildu ziren azpeitiarren areara Bergarakoak berdinketaren bila, baina hiru puntuei eustea lortu zuen Lagun Onakek.

Azken partidaren ondotik, zortzigarren postuan da Lagun Onak Ohorezko Erregional mailako sailkapenean. Hernaniko taldearen kontra lehiatuko da datorren asteburuan.

Akatsek eragindako golak

Gizonezkoen Hirugarren Mailako taldeak, aldiz, ez zuen punturik biltzea lortu eta, gainera, emaitza mingarriarekin amaitu zuen partida, lau gol egin baizizkion Eibarrek.

Lehenengo zatia paretsu hasi zuten bi taldeek, baina Lagun Onaken hanka-sartzea baten ondorioz, Eibarkoek lehenengo gola egin zuten 15. minutuan. Ez zen izan azpeitiarrek egin zuten akats bakarra, markagailuak erakusten duen modura.

Bi jokalari partidako une batean. (Lagun Onak)

Hala ere, atsedenaldira berdinduta iristea lortu zuen Lagun Onakek. Jagoba Erdozia aurrelariari egindako falta baten ondorioz, penaltia agindu zuen epaileak eta Erdoziak berak egin zuen gola.

Bigarren zatiaren hasieran, bazirudien Lagun Onakeko mutilak lehiari eusteko prest zeudela, baina Eibarrek hobeto asmatu zuen bandatik bandara baloia mugitzen. Halako batean, 58. minutuan, bigarren gola egin zuen etxeko taldeak, berriro ere, Lagun Onaken akats bati esker.

Ordutik aurrera eta partida amaitu arte, Eibar nagusitasun osoz mugitu zen Unbe zelaian. Beste bi gol egin ahal izan zituen, eta 4 eta 1eko emaitza mingarriarekin etxeratu ziren Azpeitikoak.

Hirugarren Mailako taldea 11. postuan da orain, 36 puntu bilduta. Asteburu honetan Portugalete hartuko du Garmenditen, ligako hirugarrena. Partida zaila izango da, beraz, baina balio dezake Eibarren aurkako lehiaren arantza kendu eta minak arintzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide