Igeriketa egokituko Marea Urdina-Izarraitz Saria jokatuko dute apirilaren 5ean

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 10a, 12:28

Marea Urdinako kideak iazko edizioan.

Marea Urdina taldeak igeriketa egokituko sariketa antolatu du bigarrenez. Apirilaren 5ean jokatuko dute txapelketa Azpeitiko igerilekuan, eta zabalik da jada izena emateko epea.

Marea Urdina-Izarraitz II. Igeriketa Txapelketaren bigarren edizioa egingo dute apirilaren 5ean Azpeitiko igerilekuan. Federatu gabe dagoen orok parte hartu ahal izango du sariketaren lehenengo zatian, eta bigarrena, berriz, aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzenduta egongo da. Esteka honetan izena eman daiteke jada.

Iaz jokatu zuten lehenengoz Marea Urdina taldeak antolatzen duen txapelketa, eta errepikatu egingo dute aurten. Parte hartu nahi duten igerilariek 16:00etan agertu beharko dute igerilekura, orduan hasiko baitute beroketa saioa. 16:45ean federatu gabekoen txapelketa egingo dute, eta 17:00etan, berriz, aniztasun funtzionala duten pertsonak soilik lehiatuko dira; Igeriketa Egokituko Euskal Ligaren baitako proba izango da.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, edonork parte har dezake txapelketan, edozein dela ere haren igeriketa maila. Parte hartzaileek aukeran izango dute 25 edo 50 metroko proba egitea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide