Sanjuandegiko festak antolatzen hasteko bilera egingo dute datorren asteartean

Julene Frantzesena 2025ko mar. 11a, 08:24

Iazko Mantangorriren etorrerako irudia. (Aitziber Arzallus)

Igerilekuaren eraikinean kokatuta dagoen auzo lokalean egingo dute bilera, 21:00etan hasita. XJ Auzolaneanek beren aletxoa jartzeko eta bileran parte hartzeko deia egin die herritarrei. Maiatzaren 30ean izango da aurtengo Mantangorriren etorrera.

Bi hilabete eta erdi baino ez dira falta aurtengo Sanjuandegiko festetarako, eta XJ Auzolaneanek jaiak antolatzeko lehen bilera deitu du: datorren asteartean egingo dute auzo lokalean –igerilekuaren eraikinean–, 21:00etan hasita.

Festak antolatzen hasiko dira bilera horretan, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete XJ Auzolaneaneko kideek. Izan ere, haien hitzetan, auzotar talde baten "borondateari eta esfortzu handiari" esker ateratzen dituzte festak aurrera. "Denok parte hartzeko eta gozatzeko antolatzen ditugu festak, eta bide horretan, auzotar oro ongietorria izango da ekarpenak egitera eta antolaketan beren aletxoa jartzera".

Aurten maiatzaren 28an, asteazkenez, hasiko dira festen atariko ekintzekin, eta ostiralean, maiatzaren 30ean, izango da Mantangorriren etorrera. Ekainaren 1ean, igandez, bukatuko dira Sanjuandegiko jaiak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide