Sakona Komuntzo etxalde ekologikora bisita antolatu du Ekoetxeak

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 11a, 12:12

Sakona Komuntzo etxaldera egindako bisita bat. (Ekoetxea)

Ekoetxearen eskutik, Sakona Komuntzo etxaldea ezagutzeko aukera izango dute larunbatean herritarrek. Bertako nekazaritza sustatzen duten praktika jasangarriak erakutsiko dituzte etxaldeko arduradunek. 09:30erako jarri dute hitzordua. Izena emateko plaza mugatuak daude.

Sakona Komuntzo etxalde ekologikora bisita gidatua antolatu du Ekoetxeak larunbat honetarako. Baserrian nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriaren alde egiten dituzten lanak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

09:30ean egin dute hitzordua Frontoi Txikian, handik Sakona Komuntzo baserrira joateko. Han, etxalde ekologikoko baratzean egiten duten lanaren inguruko informazioa jasoko dute bisitariek. Sasoiko eta bertako produktuekin lan egiten dute baserrian, nekazaritza jasangarriaren printzipioei segika.

Baratzeaz gain, baserriko animaliak ere erakutsiko dituzte maizterrek. Haien zaintzaren inguruko azalpenak emango dituzte, eta abeltzaintza jasangarriaren nondik norakoak esplikatu. Bisitaren ostean, Elikagunera joango dira parte hartzaile guztiak, bertan mokadua prest izango baitute Ekoetxeko arduradunek. 13:00ak inguruan amaituko da topaketa.

Ekoetxeak ohar batean agertu duenez, bisita "aukera ezin hobea da zapore goxoak dastatzeko, tokiko ekoizleei laguntzeko eta iraunkortasunaren eta elikaduraren arteko loturari buruz ikasteko". Familian egiteko plan aproposa dela nabarmendu dute, eta lotura honetan eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek. Hala ere, jakinarazi dute plazak mugatuak direla.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide