Bihar irekiko dute aurtengo Euskal Antzerki Topaketetara proiektuak aurkezteko epea

Julene Frantzesena 2025ko mar. 13a, 08:00

2022ko topaketetan apaindu zuten Soreasuko pasabidea.

Apirilaren 14ra arte izango dute konpainiek aurtengo udazkenean egingo diren 43. Euskal Antzerki Topaketetan taularatu nahi dituzten antzezlanen proposamenak egiteko aukera. Bi ezaugarri bete beharko dituzte antzerki taldeek: Euskal Herrikoak izan beharko dute eta haien obrek euskarazkoak.

Euskal Antzerki Topaketen 43. aldia izango da aurten, eta Azpeitiko Udalak bihar, ostiralarekin, irekiko du obra edo proiektu proposamenak aurkezteko epea. Taldeek apirilaren 14ra bitartean izango dute herrian taularatu nahi dituzten antzezlanen proposamenak egiteko aukera; honako lotura honen bidez, modu elektronikoan aurkeztu behar dira proiektuak.

Proiektuak aurkezteko, bi ezaugarri bete beharko dituzte antzerki taldeek: konpainiek Euskal Herrikoak izan beharko dute, eta obrek euskarazkoak. Haurrei, gaztetxoei nahiz helduei zuzendutako antzezlana izan ohi dira Azpeitiko topaketetan, eta halako lanak egiten dituzten taldeek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Hain zuzen ere, obraren aurkezpena, sinopsia, fitxa teknikoa nahiz artistikoa eta material grafikoa aurkeztu beharko dituzte horiek.

Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, 943-15 70 68 telefono zenbakira deitu edo kultura@azpeitia.eus helbidera mezua idatzi dezakete taldeek.

Urtero legez, azaroan izango dira Euskal Antzerki Topaketak, eta aukeratuek beren lana egitasmoaren barruan taularatzeko aukera izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide