Manuel Odriak jaso du urteetako ibilbidearen Landaola saria

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 14a, 13:03

Manuel Odria jasotako saria eskertzen, gaur, Zumarragan, Xabier Arruti diputatua ondoan duela. (Landaola)

Gaur banatu ditu Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak aurtengo bere sariak, eta azpeitiarra izan da aitortza jaso dutenetako bat.

Landaolak, Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak, gaur banatu ditu aurtengo bere sariak, eta Manuel Odria (Azpeitia, 1943) izan da sarituetako bat. Urteetako ibilbidearen aitortza eginez ematen duten Landaola saria jaso du, hain zuzen ere, azpeitiarrak, Zumarragan egindako ekitaldian. Gainerako sarietarako hautagaitzak aurrez jakinarazten ditu Landaolak, baina urteetako ibilbidearen saria, landa eremuko emakumeei eskainitakoa bezala, sari banaketan bertan jakinarazten dute antolatzaileek.

Landa eremuari, lehen sektoreari eta erakundeei lotutako ibilbide luzea du, inola ere, Odriak. Odria auzoko Odria baserriko semea, EHNE zein ENBA sindikatuen sorreran parte hartu zuen, 1977an eta 1991n, hurrenez hurren. Azpeitiko Udalean zinegotzi ere izan zen Odria, Baserrietako batzorden, hain zuzen, baina Urkome Urola Kostako landa garapeneko elkartean egin zituen urte gehien: Gipuzkoako mendi nekazaritzako gune pilotu gisa eratu zuten Urkome 1987an eta bazkide eratzaileetako bat izan zen Odria, zuzendaritza batzordeko kide izan zen hasieratik eta urte luzez; eta 1992tik 2008ra, erretiroa hartu zuen arte, erakunde horren kudeatzailea izan zen.

"Bere lanaren bidez, baserri bideen hobekuntza eta azpiegituren kudeaketan lagundu zuen. Gainera, kanpoko esperientziak ezagutzeko aukera izan zuen, Frantzia, Ingalaterra, Eskozia, Kanada eta Israel bezalako herrialdeetara bidaiatuz. Bidaia horietan jasotako ezagutza Gipuzkoako landa garapenean aplikatu zuen, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sustapenean ekarpen garrantzitsuak eginez", azaldu eta goraipatu du Landaolak Odriaren ibilbidea.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren eskutik jaso du Odriak Landaola saria.

Beste sarituak

Zortzigarren aldiz banatu ditu gaur Landaola federazioak Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz ematen dituen sariak.

Erakunde publikoei zein proiektu pribatuei zuzendutako sari nagusi bana ematen ditu Landaolak federazioak, eta lurraldeko landa garapeneko elkarte bakoitzak bi hautagai proposatzen ditu sari horiek jasotzeko; Azkoitiko Udala, Azoka Plazaren eraberritzeagatik; eta Aiora Urbieta zestoarra izan dira aurten Urkomeren hautagaiak. Aurten, Legazpiko Udalari eman diote erakunde publikoen saria, Arrobi izeneko proiektuarengatik; eta Bedoñako Errastiko Eskola saritu dute erakunde pribatuen sailean.

Landa eremuko emakumeen lana aitortzeko saria, berriz, Josebe Lizeagarentzat izan da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide