Egiguren V.a: "Final gogorra izango dela uste dut, aurkariak ere sasoi onean daudelako"

Julene Frantzesena 2025ko mar. 20a, 10:04

Julen Egiguren partida batean.

Hitzordu garrantzitsua izango du etzi Julen Egiguren Egiguren V.ak Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:15): Bikuña bikote duela, B Serie mailako binakako finala jokatuko du, Salaberriaren eta Gaskueren kontra. Profesionaletako lehen txapela lortzea du xede, orain arte banaka jokatu dituen finaletan ez baitu halakorik eskuratu. Gukarekin hitz egin du, finalaren atarian.

B Serie mailako binakako finala jokatuko duzu zapatuan, Labriten. Zer moduz zaude?

Oso ondo joan da txapelketa. Finalera iritsi gara, eta hori zen hasieratik jarrita genuen helburua; beraz, alde horretatik oso gustura gaude.

Finalera iritsi zareten bi bikoteok play-off-a jokatu behar izan zenuten finalaurrekoetako ligaxkara sartzeko. Bidea ez da erraza izan, ezta?

Ez da erraza izan. Izan ere, momentu onak eta txarrak bizi izan ditugu, bolada onak eta txarrak. Beti aurrera egin dugu, ordea. Play off-etako partida jokatzea ere tokatu zitzaigun, eta irabazi egin genuen. Handik finalerdietara sailkatzea lortu genuen, eta hirutik bi partida irabazita, finalerako txartela eskuratu dugu.

Azken bi jardunaldietan, aldearekin irabazten joan ondoren, azkenaurreko partida galdu eta azkena larri baina irabazi egin zenuten. Zentzu horretan, luzea egin al zaizue txapelketa?

Oso gogorrak izan dira finalerdiak. Azken bi partidak oso-oso larri irabazi ditugu, eta zentzu horretan, luzea izan da txapelketa. Izan ere, partida ia guztiak gogorrak izan dira.

Lesio bat izan zenuen, tartean…

Iztar atzean izan nuen lesioa, haustura txiki bat. Lesio oso txikia zenez, hamar bat egunean ondo osatu nintzen.

Bikuña izan duzu bikote. Zer moduz moldatu zarete?

Oso bikote ona osatu dugu, ederki moldatu gara. Uste dut bikote sendoa osatzen dugula, eta guri irabazteko ondo egin behar dela pilotan.

Larunbatean txapelketa borobiltzen saiatuko al zarete?

Partida txukuna egiten baldin badugu, txapela lortzetik gertu ibiliko garela uste dut.

Salaberria eta Gaskue izango dituzue aurkari. Nola ikusten dituzue?

Ligaxkan bi partida jokatu ditugu Salaberriaren eta Gaskueren kontra; lehena irabazi egin genuen, eta bigarrena, berriz, galdu. Beraz, uste dut ez dagoela faborito argirik.

Nolako finala izango dela aurreikusten duzu?

Partida gogorra izango dela uste dut, aurkariak ere sasoi onean daudelako. Salaberria aurrelari bizia da, defentsan ondo moldatzen da eta tantoak ondo bukatzen ditu. Gaskuek, berriz, eskuin esku oso bizia dauka eta baleko asko egiten ditu. Azken partidetan dominatzen ari da. Dena den, Bikuñak eta biok ondo ikusten gara, eta partida ona osatzen badugu...

Hirutan izan zara promozio mailako lau eta erdiko finalean, eta behin maila bereko banakakoan. Orain arte lortu ez duzun txapela eskuratzea al duzu amets?

Aurretik jokatu ditudan final guztiak banakakoak izan dira. Beraz, larunbatekoa zerbait berria izango da niretzat, lehen aldiz ariko naizelako binakako final batean. Orain arte ez dut lortu txapelik, baina ea zapatuan 22 tantotara iristen garen eta lortzen dudan txapel hori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide