Israelek Gazarako adostutako su etena hautsi duela salatzeko, elkarretaratzea deitu dute ostiralerako

Andoni Elduaien 2025ko mar. 19a, 09:13

Palestinaren alde Azpeitian egindako elkarretaratze bateko irudia. (Mailo Oiarzabal)

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitu dituzte elkarretaratzeak han eta hemen. Israelek Gazako su etena hautsi eta gero egingo dute protesta Azpeitiko plazan, 19:00etan.

Israelek –Hamasekin– Gazarako adostutako su etena hautsi zuen atzo, eta gutxienez 400 palestinar inguru hil zituen airez eta lurrez egindako erasoetan. Aldez aurreko abisurik gabe, Israelek goizaldean egin zuen erasoa Gazan. Zaurituak, baina, 500 lagundik gora dira, gehienak haurrak eta emakumeak. Dena den, ez dute baztertzen erasoak jazo ziren guneetan gorpu gehiago aurkitzea.

Horren harira, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzeak deitu du etzirako, ostiralerako. Israel genozida, palestinar erresistentzia aurrera lelopean, Euskal Herriko hamaika lekutan bilduko dira. Azpeitian, 19:00etan egingo dute kontzentrazioa plazan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide