Sare sozialak eta Internet modu osasuntsuan erabiltzeko ikastaroa antolatu dute udalak eta KZguneak

Julene Frantzesena 2025ko mar. 20a, 08:33

Pertsona bat sakelako telefonoarekin.

Pantailak, sare sozialak eta Internet modu osasungarrian erabiltzeko hezkuntza izenburupean bina orduko bi saio eskainiko dituzte, apirilaren 8an eta 15ean. Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena. Bestalde, ikasturteko azken guraso eskoletan osasuna izango dute aztergai.

Guraso eskolen barruan, eta KZgunearekin elkarlanean, Pantailak, sare sozialak eta Internet modu osasungarrian erabiltzeko hezkuntza izenburupean ikastaroa eskainiko du Azpeitiko Udalak. Bi saio egingo dituzte, bina ordukoak: apirilaren 8an eta 15ean izango dira, 18:00etatik 20:00etara.

Saio horietan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. Internet bidez egin ahal izango da, honako formulario hau beteta. Ikastaroa Enparan dorretxean kokatuta dagoen KZgunean eskainiko dute, eta doakoa izango da.

Osasunari buruzkoak, hurrengoak

Aurtengo ikasturteko guraso eskolen barruko azken saioak osasunari lotuta egingo dituzte. Hain zuzen ere, DYArekin elkarlanean, lehen sorospenei buruzko teoria saio bat eta bihotz-biriken suspertzea eta kanpoko desfibrilagailuen erabilerari buruzko beste bat eskainiko ditu udalak.

Sorospen ikastaroa apirilaren 29an izango da, eta bihotz-biriken suspertzeari buruzkoa, berriz, maiatzaren 6an. Saio horietan parte hartzeko ere aurrez eman beharko da izena, baina oraindik ez dute ireki horretarako epea.

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gurasoak programaren barruan, Elikadura jarrera osasuntsuak hitzaldia eskainiko du Mireia Centenok maiatzaren 21ean.

Bestalde, udalak azaldu duenez, KZguneak eta udalak elkarlanean antolatuta, asteotan zibersegurtasunari eta pribatutasunari buruzko ikastaroa egiten ari dira hainbat lagun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide