En(red)émonos egitasmoaren barruko lehen ekintza antolatu du Emakumeen Txokoak datorren astearterako, martxoaren 25erako. Joan den azaroan, Azpeitiko emakume migratu zaintzaileei bideratutako lehenengo topaketa egin zuten Emakumeen Txokoan, emakume horien "interesak, beharrak eta ezinegonak jasotzeko espazio bat" sortzeko helburuarekin. Orain, berriz, lehen ekintza iragarri dute: datorren astearte arratsaldean, Azpeitiko hainbat bazter ezagutzeko ibilaldia egingo dute, eta ondoren askaria ere bai Emakumeen Txokoan.
Plazan egin dute hitzordua, 15:30ean, handik abiatuta "herriko txokoak eta elkar ezagutzeko", pare bat ordu iraungo duen ekintzan. Asteartekoa ekintzarako elkartuko diren emakume zaintzaileen beharrak eta nahiak identifikatzeko, eta aurrerantzean horiei erantzuteko ekintza berriak antolatzeko aukera gisa ere baliatu nahi dute antolatzaileek.
Interesa duten emakumeek 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta baiezta dezakete beren parte hartzea.