Virginia Garcia idazleak Eklipseak liburua aurkeztuko du astelehenean, 17:00etan, Ekoetxean. Astronomia zaleei zein publiko orokorrari zuzendutako liburua da ondu duena, eta herritarrei haren gaineko azalpenak emango dizkie Garciak.
Aranzadi zientzia elkarteko kidea da Garcia, eta Irrimarra taldeko ilustratzaileekin batera ondu du Eklipseak lana. Garciak berak aurkeztuko ditu astelehenean liburuari buruzko xehetasunak, eta modu errazean eta ulergarrian azalduko du eklipseen atzean dagoen zientzia. Herritar guztiei zuzendutako aurkezpena izango da.
Birtxi farozainaren eskutik, eklipseen sekretu guztiak familian deskubritzeko aukera ematen du liburuak: zergatik gertatzen diren eta horiek nola behatu. Gainera, eguzki eklipseak ikusteko betaurrekoak dakartza opari liburuak, eta, hala, liburua eskuratzen duenak martxotik aurrera izango diren eklipseak behatu ahal izango ditu. Besteak beste, hilaren 29an Euskal Herritik ikusi ahal izango da eguzki eklipse partziala.