Donostiako Elizbarrutiko ordezkarien hitzaldiak antolatu ditu parrokiak datorren asterako

Andoni Elduaien 2025ko mar. 22a, 08:56

Mikel Aranguren azpeitiarra izango da hizlarietako bat. (Donostiako Elizbarrutia)

Fernando Prado gotzainak, Mikel Aranguren bikario nagusi azpeitiarrak eta Luzia Alberro idazkari nagusiak eskainiko dituzte hitzaldiak, hurrenez hurren, astelehenean, asteartean eta asteazkenean. 17:00etan izango dira, parrokian.

Azpeitiko eta Azkoitiko parrokiek hiru hitzaldi antolatu dituzte elkarrekin datorren asterako. Astelehenean, asteartean eta asteazkenean izango dira hiru hitzorduak bi herrietan; 17:00etan Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, eta 19:00etan Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian.

Hain justu, Donostiako Elizbarrutiko ordezkariek parte hartuko dute hitzaldietan. Astelehenean, Fernando Prado gotzainak Berarengan gure itxaropena izeneko hitzaldia eskainiko du; asteartean, Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi azpeitiarrak Itxaropenak ez du huts egiten izeneko saioa aurkeztuko du; eta, azkenik, asteazkenean, Luzia Alberro idazkari nagusiak Itxaropen eraginkorra. Iturriak izeneko hitzaldia zuzenduko du.

Eliza Jubileo urtean murgilduta dago aurten, Itxaropenean erromes lelo hartuta. Hain justu, itxaropena oinarri hartuta antolatu dituzte bi parrokiek hiru hitzaldiak. Prado gotzainak kristauentzat "Jesus itxaropena" dela nabarmenduko du; Aranguren azpeitiarrak, berriz, itxaropena balioan jarriko du, hura "kristauen dohainik handiena" dela aintzat hartuta. Alberrok, azkenik, itxaropena eraginkorra izan dadin zein iturri dauden azalduko die herritarrei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide