"Basakeria sionista" salatzeko eta "Palestinaren alde" elkartu dira plazan

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 21a, 19:30

Israelen kontrako eta Palestinaren aldeko elkarretaratzea, gaur arratsaldean, plazan. (Mailo Oiarzabal)

Ehun bat lagunek babestu dute Kontseilu Sozialistak Israel estatu terrorista, Palestina askatu! leloarekin deitutako protesta. "Palestinaren alde eta gerra inperialistaren aurka kaleak hartzen jarraitzera" deitu dute.

Urtarrilaren 19an Hamasekin itundutako su etena hautsi eta sarraskia eragin du berriro Israelek Gazan aste honetan, eraso bortitzetan 500dik gora palestinar hilez. Israelen kontrako protestak eta Palestinaren aldeko elkartasun mobilizazioak eragin dituzte azken erasook. Gaur bertan, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) deituta, Israel estatu terrorista, Palestina askatu! leloarekin, Euskal Herri osoko hamasei herritan elkarretaratzeak egin dituzte, horietako bat Azpeitiko plazan.

19:00etatik aurrera, ehun bat herritar batu dira protestara, Palestinako banderekin eta bandera gorriekin, deialdiaren leloa erakuste zuen pankartaren atzean elkartuta.

Kontseilu Sozialistarentzat, "Ramadan hilabetean egindako azken eraso honek berriz ere agerian utzi du Israelen izaera terrorista. Estatu supremazista honek ez du akordiorik nahi, eta palestinar herriaren aurkako genozidioarekin aurrera jarraitzeko asmoa du". Palestinaren aurkakoak ez ezik, Israel Ekialde Hurbileko beste hainbat tokitan egiten ari den erasoak ere gogora ekarri nahi izan ditu EHKSk gaurko elkarretaratzeetan, eta Israelen "bazkide" den AEBen rola salatu du. "Ofentsiba honek, Netanyahuren gobernuaren belizismoari ez ezik, [Amerikako] Estatu Batuak buru dituen mendebaldeko bloke inperialistaren interesei erantzuten die", EHKSren ustez. "Palestinarren garbiketa etnikoaren alde ere bi bazkideak bat datoz, Trumpek duela aste batzuk Gazan hotelak eraikitzeko iragarritako planarekin ikusi genuen bezala".

Modu berean gaitzetsi dute "oligarkia atlantistaren interesekin eta, beraz, estatu sionistarekin erabat lerratuta" dagoen Europako Batasunaren jarrera ere. "Herrialde batzuek Israelen defentsarako eskubidearen izenean genozidio hau justifikatzen duten bitartean, beste batzuek, Espainiako Gobernuak kasu, Palestinaren aldeko mezu hipokritak zabaltzen dituzte sarraskia gelditzeko inolako neurri efektiborik hartu gabe", diote gaurko protestaren deitzaileek, Israelekin "harreman diplomatiko, ekonomiko eta militarrak" mantentzen dituzten bitartean guztiek "palestinarren aurkako genozidioa ahalbidetzen" dutela baieztatuz.

"Sozialdemokraziak defendatzen duen bi estatuen irtenbidea" ere ez da idea Kontseilu Sozialistakoen iritziz, "Israelen izaera kolonialagatik ezinezkoa izateaz gain, gatazkaren erroa estali eta estatu sionistaren existentzia zilegiztatzen" duelako. "Israelek existitzen jarraitzen duen bitartean, sarraskia eta heriotza hedatzen jarraituko du Ekialde Hurbilean. Palestinaren askatasuna estatu sionistaren desagerpenaren eskutik baino ezingo da etorri", dio EHKSk. Horregatik, aldarrikatu dute "palestinarren erresistentzia eskubidea babestea inolako ekidistantziarik gabe"; "mendebaldeko enpresen, instituzioen eta alderdi politikoen konplizitareari aurre egitea, Israelekin harremanak eten ditzaten"; eta "nazioartean kapitalismoari eta gerrate inperialistei aurka egingo dien langileon indar iraultzaile bat antolatzen hastea".

"Basakeria sionista bere kabuz geldituko ez" dela eta, "Palestinaren alde eta gerra inperialistaren aurka kaleak hartzen jarraitzera" deitu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide