Julen Egiguren Egiguren V.ak eta Iñigo Bikuñak galdu egin dute gaur arratsaldean Iruñeko Labriten jokatutako B Serieko Binakako Txapelketaren finala. Iker Salaberria eta Andoni Gaskue nafarrak gailendu zaizkie, 22-18, aurrelari azpeitiarrari eta atzelari donostiarrari.
Egigurenek eta Bikuñak ondo ekin diote finalari. Parekatuta hasi da partida, baina nafarrek tartea irekitzea lortu dute gero: 6-6tik 6-11raino joan dira aurrena, bost tanto segidan eginda; eta abantaila areagotu dute ondoren, 9.17 jartzeraino. Finala ia galduta ikusi dutenean lasaiago eta hobeto hasi dira jokatzen azpeitiarra eta donostiarra, eta orduan iritsi da emozioa, tanto bakarrera jartzea lortu baitute (16-17). Markagailua guztiz iraultzerik ez dute lortu, ordea. Beste tanto bat egitea lortu dute gipuzkoarrek, baina Salaberria eta Gaskue izan dira 22.era iritsi direnak.
Binakako lehen finala zuen gaurkoa Egiguren V.ak, eta profesionaletan ari denetik bosgarrena. Lehen txapelak, ordea, beste batean jantzi beharko du.