Asteburu emankorra izan da Lagun Onaken talde nagusientzat, biek ala biek hiruna puntu poltsikoratzea erdietsi baitute. Ohorezko Erregional Mailako emakumeek, zapatu arratsaldean Tolosa hartu zuten etxean, ligako 24. jardunaldiari zegokion norgehiagokan. Partida gogorra izatea espero zuten, eta halaxe izan zen. Indartsu atera ziren zelaira Miren Arrondoren jokalariak, eta baloiaren kontrola eskuratuta, erasokor aritu ziren lehenego zati guztian. 13. minutuan June Casinak sartutako golari esker markagailuan aurretik iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, aldiz, narrastu egin zen partida, eta bi taldeetako inork ez zuen asmatu. Hala ere, etxekoek gol aukera garbi batzuk sortu zituzten, nahiz eta baloia sareratzerik ez lortu. Sufrituta, baina partidaren bukaerara gol baten errentarekin ailegatu ziren Azpeitikoak, eta hiru puntuak etxean gelditu ziren.
Gizonezkoek, berriz, Gasteizen jokatu zuten Espainiako Hirugarren Mailako 27. jardunaldiari zegokin partida, haiek ere zapatu arratsaldean, San Viator taldearen kontra. Gogotsu zelairatu ziren Jose Luis Riberarenak, zelaian nagusitasuna erakutsiz aurreneko minutuetan, baino arerioen atearen aurrean asmatu gabe. Aldiz, 32. minutuan, markagailuan aurretik jartzea lotu zuten etxekoek. Azpeitikoek lanean jarraitu zuten, aukerak sortzen, baina atsedenaldira iristear, artean atzetik jarraitzen zuten. Epaileak txistua jo aurreko jokaldian, ordea, saria etorri zen. Jon Sanchezek ateratako korner bat Beñat Arratibelek errematatu zuen bigarren zutoinean, Gasteizkoen atea zulatuz.
Bigarren zatian partida lehenbailehen erabakita uzteko gogoz atera ziren Lagun Onakekoak, eta 63. minutuan Jon Sorazuk lortu zuen taldearen bigarren gola egitea. San Viatorreko jokalariek ez zioten saitzeari utzi, baina Lagun Onakekoek eutsi egin lortutako abantailari, eta 0 eta 2 emaitzarekin iritsi ziren norgehiagokaren bukaerara. Horrela, urrezko hiru punturekin etxeratu ziren Ribera eta haren jokalariak.