Jende ugari bildu da parrokian Fernando Prado gotzainaren hitzaldia jarraitzeko

Andoni Elduaien 2025ko mar. 25a, 08:34

Jende ugari elkartu zen parrokian gotzainaren bueltan. (Aitziber Arzallus)

Donostiako Elizbarrutiko ordezkari nagusien hitzaldiak izango dira aste honetan Azkoitiko eta Azpeitiko parrokietan, eta atzo, astelehena, Fernando Prado gotzainak ireki zuen zikloa parrokian. Gaur eta bihar izango dira beste bi hitzaldiak.

Azkoitiko eta Azpeitiko parrokiek antolatuta, Fernando Prado Donostiako Elizbarrutiko gotzainak hitzaldia eskaini zuen atzo, astelehena, Soreasuko Sebastian Deunaren parroki elizan. 17:00etan hasi zen haren saioa, eta ondoren, 19:00etan, Azkoitiko parrokian eskaini zuen hark Berarengan gure itxaropena izeneko hitzaldia. Jende ugari bildu zen parrokian, eta Prado gotzainak kristauentzat "Jesus itxaropena" dela nabarmendu zuen.

Gaur, asteartea, eta bihar, asteazkena izango dira beste bi hitzaldiak parrokian. Gaur, Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi azpeitiarrak Itxaropenak ez du huts egiten izeneko saioa aurkeztuko du, itxaropena balioan jarriz eta hura "kristauen dohainik handiena" dela azpimarratuz; bihar, Luzia Alberro idazkari nagusiak Itxaropen eraginkorra. Iturriak izeneko hitzaldia zuzenduko du, eta itxaropen eraginkorra izateko iturrien berri emango du.

Eliza Jubileo urtean murgilduta dago aurten, Itxaropenean erromes lelo hartuta. Hain justu, itxaropena oinarri hartuta antolatu dituzte bi parrokiek hiru hitzaldiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide