Gipuzkoako Eskolarteko finalean etxean ariko dira Suhar Gesalaga eta Joanes Azpillaga

Nerea Uranga 2025ko mar. 27a, 15:30

Gipuzkoako eskolartearen Amasako kanporaketa, Suhar Gesalaga eskuinetik hirugarrena. (Bertsoa.eus)

Apirilaren 4an Azpeitiko Azoka Plazako Elikagunean jokatuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketako finala, 20:00etan hasita. Erniarraitz bertsozale elkarteko Azpillagaz eta Gesalagaz gainera, beste sei bertsolari ariko dira kantuan. Saioa afari bueltan egingo dute, eta dagoeneko txartelak salgai jarri dituzte.

Joan den ostiralean gelditu zen erabakita aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketako finala, azken bi kanporaketak jokatuta. Apirilaren 4an, ostiralarekin, jokatuko da finala, Azpeitiko Azoka Plazako Elikagunean, 20:00etan.

Zortzi bertsolari gazte sailkatu dira finalera eta horietatik bi azpeitiarrak dira: Erniarraitz bertsozale elkarteko Joanes Azpillaga eta Suhar Gesalaga. Horiez gain, finalerako sailkatu diren bertsolariak honakoak dira: Kattalin Arabolaza, Egiar Otegi, Sustrai Goenaga, Maddi Lasa, Danel Etxeberria eta Adei Urbitarte.

Aurtengoan Gipuzkoako eskolartekoaren kanporaketak Errezilen, Aretxabaletan, Amasan eta Aizarnazabalen jokatu dituzte. Azpeitian jokatuko den finalerako saiorako txartelak salgai jarri dituzte Bertsosarrerak.eus webgunean. Afariaren bueltan egingo dute saioa, eta txartel arruntak 20 euro balio ditu eta 18 urtez azpikoenak 16 euro.

Txapelduna eta txapeldunordea Euskal Herriko finalerako sailkatuko dira. Saio hori ekainaren 14an izango da, 16:30ean, Arantzan (Nafarroa).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide