Spotarekin batera plazaratu dute Gaztetxeko Gazte Astearen egitaraua

Maialen Etxaniz 2025ko mar. 31a, 12:00

Apirilaren 7tik 12ra egingo dute aurten Gazte Astea. Bertan, hitzaldiak, ikastaroak, parodia eta Xoxotera igoera egingo dituzte, besteak beste. Aurrerago jakinaraziko dituzte igoeran parte hartzeko xehetasunak. 

Azpeitiko Gaztetxeak spot bidez eman du berria: apirilaren 7tik 12ra egingo dute aurtengo Gazte Astea. Urteroko osagaiekin prestatu dute egitaraua: hitzaldiak, tailerrak, mus txapelketa, kontzertuak, parodia eta Xoxotera igoera. Zuka telebista baliatu duten bideo bidez jarduerak iragartzeko. 

Astelehenean, apirilaren 7an, hasiko dute egitaraua, ohi bezala, txupinazoarekin. Ondoren, gazteak eta kirola izango dituzte hizpide, 18:30ean hasiko den hitzaldiarekin. Asteartean tailerren txanda izango da. Hain zuzen, henna tailerra eskainiko dute 16:00etatik aurrera, eta 18:00etatik aurrera, berriz, DJ ikastaroa. Asteazkenean, Emakume langileok lehen lerroan egotearen beharrezkotasunaz izeneko solasaldia emango dute. Ostegunez, mus txapelketa izango da Gaztetxean eta txapelketa jokatu nahi ez dutenek futbolinean ibiltzeko aukera izango dute. Ostiralean, urtero bezala, parrilladaren eta parodiaren txanda izango da.

Larunbatean Gazte Eguna ospatuko dute. 10:00etan, Xoxoteko igoera egingo dute bigarrengoz. Plazatik aterako dira, eta behin gora iritsita, hamaiketakoa egingo dute trikitilariek lagunduta. Aurrerago jakinaraziko dituzte izen-ematearen inguruko xehetasunak, baina jendeari mozorroak jantzita joateko deia egin diote. Eguerdian, 15:00etan hasita, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Gauean kontzertuen txanda izango da, eta emanaldi bana eskainiko dute Enbata Lorade, Hauek eta Mirabe musika taldeek. Sarrerak bost euro ordaindu beharko dira.  

Hona hemen egitaraua oroik: 

  • Apirilak 7, astelehena: 

18:00: Txupinazoa.
18:30: Hitzaldia: Kirola gazteen artean

  • Apirilak 8, asteartea: 

16:00: Henna tailerra.
18:00: DJ tailerra. Ondoren, luntxa. 

  • Apirilak 9, asteazkena: 

18:00: Hitzaldia: Emakume langileok lehen lerroan egotearen beharrezkotasunaz.

  • Apirilak 10, osteguna: 

17:00: Mus txapelketa eta jolasak (futbolina, ping-pong-a...)
19:00: Pizza potea

  • Apirilak 11, ostirala: 

20:30: Parrillada, plazan.
Ondoren, parodia.

  • Apirilak 12, larunbata, Gazte Eguna:

10:00: Xoxoteko igoera. Tontorrean, hamaiketakoa trikitilariek lagunduta. Ondoren, elkartasun argazkia. 
15:00: Bazkaria Azoka Plazan. Jarraian, sari banaketa. 
17:30: Karro poteoa.
21:00: Kontzertuak: Hauek, Enbata Lorade eta Mirabe. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide