Eraldatu hondakinak arte bihurtuz izenburuko esperientzia teorikoa eta praktikoa antolatu dute iganderako, apirilaren 6rako, Azpeitiko Ekoetxean. 10:00etatik 12:00etara izango da tailerra. Parte hartzea doan bada ere, aurrez izena eman beharko da lotura honetan.
Igandeko tailerrean makina erdi industrialak erabiliz plastikoa birziklatzen ikasiko dute parte hartzaileek. Hasieran, diseinuari eta plastikoari buruzko azalpenak emango dituzte, besteak beste, material horrek eragindako kutsaduraz, ekonomia zirkularraren kontzeptuaz eta praktika egokiez. Segidan, esperientziako parte hartzaileek plastiko birziklatua erabiliz diseinu berri bat sortzeko aukera izango dute. Horretarako, hainbat molde erabiliko dituzte, eta botoiak, mosketoiak edota irudi geometrikoak sortu ahal izango dituzte. Gero, bakoitzak sortutako diseinua etxera eramateko aukera izango du.