Santa Engraziko eguna izango da datorren igandean, eta txangoa antolatu du Lagun Onakek

Julene Frantzesena 2025ko api. 6a, 08:00

Hainbat herritar Santa Engraziako baselizaren inguruan.

Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako goiz pasa prestatu du Lagun Onakek; herritarrek oinez nahiz autobusez joan ahal izango dute Aizarnako mendira. Osteguna bitartean eman ahal izango da irteerarako izena.

Santa Engraziko eguna izango da datorren igandean, apirilaren 13an, eta azken urteetako gisan, Lagun Onak mendi bazkunak haurrei eta gaztetxoei zuzendutako goiz pasa antolatu du.

Azpeititik oinez edo autobusez joan ahal izango dute herritarrek Aizarnako mendira; 09:00etan jarri dute denentzat hitzordua anbulatorioaren aurrean. Behin Santa Engrazira iritsita, umeentzako jolasak egingo dituzte. Azpeitira autobusez itzuliko dira txangoan parte hartzen duten herritarrak, eguerdi partean.

Lagun Onak mendi bazkunaren webgunean eman beharko da irteerarako izena; bazkideek bost euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, berriz, zortzi euro. Osteguna izango da izena emateko azken eguna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide