Antolatzaileen esker ona jaso dute Domusa Teknik 40 MLK probako boluntarioek

Julene Frantzesena 2025ko api. 6a, 08:49

Boluntarioek kamisetak jasotzeko aukera izan zuten atzo arratsaldean Sanagustinen. Gainera, ekitaldia egin zuten kulturgunean bertan, eta proban laguntzen ariko diren hainbat boluntariok mokaduaz eta DJ emanaldiaz gozatu ahal izan zuten.

Hilabete baino ez da falta Domusa Teknik 40 MLK probarako, eta atzo probaren egunean-eta laguntzen ariko diren boluntarioei esker ona adierazteko ekitaldia egin zuten haren antolatzaileek. 18:00etan hasi ziren boluntarioei lasterketako elastikoak banatzen Sanagustin kulturgunean, eta gero, 19:00ak pasatxoan, egin zuten ekitaldia.

Kulturguneko agertokitik gidatu zuten saioa Amaia San Vicentek eta Ander Iribarrek –Orbel Explore Instagramen–, eta iazko probako bideo laburra eman ostean, boluntarioen artean hainbat zozketa egin zituzten. Haiek jakinarazi zutenez, dagoeneko 407 lagunek eman dute maiatzaren 10ean lasterketetan laguntzen aritzeko izena.

Ekitaldia bukatzean, Sanagustinera joandako dozenaka lagunek mokaduaz gozatu ahal izan zuten, baita Oihan Vega disko jartzailearen emanaldiaz ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide