Enkarterri Extremeko maratoia irabazi du Xabier Berasategi azpeitiarrak. 42 kilometroko mendi ibilbidea osatzeko lau ordu, 38 minutu eta 21 segundo behar izan zituen azpeitiarrak, eta podiumeko lehen postua, eta beraz txapela, berarentzat izan ziren.
Bigarren sailkatuari, Julen Fernandezi ia zortzi minutuko aldea atera zion azpeitiarrak; izan ere, Fernandezek lau ordu, 46 minutu eta 09 segundo behar izan zituen helmugara iristeko. Hirugarren, berriz, Erlantz Zaldunbide sailkatu zen gizonetan (04:46:46).
Enkarterri Extremen barruan hainbat proba jokatu zituzten atzo, larunbata, Zaramillon (Bizkaia). Maratoiaz gain, 60 kilometroko ultra lasterketa, 30 kilometroko trail proba eta hamar kilometroko mini trail proba.