Martin Arrantzalea hegaztia babesteko lanak hasi ditu udalak Urola ibaiaren ondoan

Maddi Txintxurreta 2025ko api. 7a, 12:39

Langileak, Martin Arrantzalea eta bestelako fauna babesteko hesiak ipintzen. (Azpeitiko Udala)

Espezie mehatxatuen artean dago Martin Arrantzalea, baina ohikoa da Urola ibaiaren inguruan ikustea. Azpeitiko Udalak hegazti hori babesteko itxitura egingo du, eta ondorioz, pasealekua itxita izango da gaur eta bihar.

Martin Arrantzalea (alcedo atthis) hegaztia babesteko itxitura egiteko lanak hasi ditu Azpeitiko Udalak Loiolako Inazio etorbidean, Urola ibaiaren ondoan egokituta dagoen pasealekuan. Eremu hori, beraz, itxita izango da gaur eta bihar, hesolak jartzen hasi direlako, eta hala egongo da lanak bukatu bitartean.

EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartuta dago interes bereziko espezietzat jotzen den Martin Arrantzalea. Ohikoa da Urola ibaian ikustea, eta, ondorioz, ingurua babesteko hautua egin du udalak.

Ibaiaren ondoan, Loiolako Inazio etorbidean kokatuta dagoen pasealekua aisialdirako eremu bilakatu denez, eta jendeak han paseoan-eta ibiltzeko ohitura hartu duenez, itxitura egitea erabaki du erakundeak, ibaiko fauna babesteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide