Aho zapore ona uzten duten horietako bera, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan dute Lagun Onaken talde nagusiek asteburuan.
Etxean berdintzea ez da, berez, emaitza onen sailekoa izaten, baina zapatuan Garmedipen lortutako puntuarekin gustura gelditu ziren Lagun Onakeko emakumeak. Izan ere, ordura arte Ohorezko Erregional Mailako liderra zena, Intxaurdi, hartu zuen Miren Arrondoren taldeak etxean, aurreko astean sailkapenaren goikaldean dabilen Goierri Gorriren etxean irabazi ondoren. Joko zein emaitza bolada onean dabil Lagun Onak, eta asteburu honetan ere erakutsi du hori. Intxaurdiren aurkakoan, lehen zatia oso parekatua izan zen; bi taldeak elkarri neurria hartzen aritu ziren, atzean sendo eta erasoan minik egin gabe. Bigarren zatian, indartsuago atera ziren etxekoak, liderra estu hartzeko pronto; baina zelaian nagusi izaten ari zirenean iritsi zen, hain justu, Donostiako taldearen gola. 60. minutua zen, ordu erdi zuen aurretik Lagun Onakek emaitza itxuratzeko, eta berehala ekin zion lanari. Gol aukera bat baino izan ondoren, neurketa bukatzeko hiru minutu falta zirenean iritsi zen saria Arrondoren taldearentzat: penaltia adierazi zuen epaileak etxekoen alde, eta Malen Astigarraga kapitainak ez zuen hutsik egin, merezitako berdinketa lortzeko gola eginez.
26. jardunaldia osatuta, aurreko astean eskuratutako zazpigarren postuari eusten dio Lagun Onakek, 43 punturekin. Datorren asteburuan Lasarte-Orian jokatuko dute Azpeitikoek, Ostadarren zelaian.
Esku hutsik eta kolpatuta
Espainiako Hirugarren Mailan ahazteko moduko neurketa izan zuen Lagun Onakek Leioaren zelaian. Bizkaiko taldea bigarrena da sailkapenean eta, horrenbestez, partida zaila izango zela jakinaren gainean zegoen Jose Luis Riberaren taldea, baina zailtasun gehigarriak pilatzen joan zitzaizkion, gainera.
Ia denetarik gertatu zitzaion Lagun Onaki Leioan, eta ezer onik ez. Lehen ordu erdian ez zen aipatzeko ezer handirik gertatu, baina 30. minutuan Imanol Ruiz de Illak aurkari batekin talka egin eta sudurra hautsi zuen. Eta erietxera eraman behar izan zuten taldekideari gertatutakoarekin artean pixka bat nahastuta zela jaso zituen Lagun Onakek partidako bi golak. Erakustaldi beharrik gabe eta Azpeitikoek atzean emandako erraztasunak ederki baliatuta, bost minututan erabakita utzi zuen neurketa etxeko taldeak. Baina ez ziren hor amaitu berri txarrak Lagun Onakentzat. Atsedenaldiaren aurretik sabelaldean jasotako kolpeari buelta eman ezinda, Arratibelek ere medikuen beharra izan zuen; Zumarragako ospitalera eraman zuten eta han igaro zuen gaua, behaketan. Gorabeherak gorabehera, bigarren zatian itxura hobea eman zuen Lagun Onakek, Leioako atezainari lanak eman zizkion, baina ez zuen lortu aldea murrizterik. Aldiz, partidaren azken txanpan berriro okertu ziren kontuak Riberaren taldearentzat: hamarrekin gelditu zen bukatzeko zortzi minutu falta zirela, Zeziagak txartel gorria ikusita, eta entrenatzailea ere kanporatu egin zuen epaileak.
Bost jardunaldi gelditzen dira Hirugarren Mailako liga erregularra bukatzeko, eta duela bost jardunaldi igoera play-off-erako borrokan bazebilen ere, halako helburuak urruti gelditu zaizkio Lagun Onaki, azken bost jardunaldietan hamabostetik lau puntu batu ondoren. Hamabigarrena da orain Azpeitiko taldea, 39 punturekin. Eta datorren zapatuan, 17:00etan, 30. jardunaldiaren barruan, Basconia liderra hartuko du Lagun Onakek Garmendipen.