Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan bigarren saria jaso du Denis Arzallusek

Julene Frantzesena 2025ko api. 8a, 08:11

Denis Arzallus –erdian– sari banaketa ekitaldian. (Nerea Ugarte)

Lehiaketaren XVIII. edizioa Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan egin zuten martxoko azken asteburuan, eta tekla modalitateko B kategorian irabazi zuen saria Arzallusek. Ostiralean eskuratu zuen saria kontserbatorio horretan egin zuten ekitaldian.

Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan bigarren sari bat jaso du Denis Arzallus piano jotzaile azpeitiarrak. Martxoaren 29an eta 30ean egin zuten lehiaketaren XVIII. edizioa Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, eta tekla modalitateko B kategorian irabazi zuen saria Arzallusek, beste partaide batekin batera.

Arzallusek hamar-hamabost minutuko emanaldia eskaini zuen, eta Bachen, Mozarten nahiz Poulenc-en obrak interpretatu zituen. Joan zen ostiralean eskuratu zuen saria azpeitiarrak, Gasteizko kontserbatorioan egin zuten ekitaldian. Sari hori tarteko, piano saio bat jasoko du Arzallusek Musikenen.

Lehiaketako epaimahaia Marta Zabaletak, Ainhoa Barredok eta Cristina Lucio-Villegasek osatu zuten, eta aurtengo edizioko parte hartzaileek erakutsitako maila altua goraipatu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide