Txupinazoaren danbadak abiatu du Gazte Astea

Maddi Txintxurreta 2025ko api. 7a, 19:04

Gazte Astean murgildu dira azpeitiarrak, Gaztetxeko kideek antolatu duten egitarau zabalaren eskutik. Txupinazoa jaurti dute gaur, eta kirolaren inguruko solasaldia egin dute.

Gaztetxeko kideek txupina haizatu dute gaur 18:00etan, eta haren eztandarekin abiatu da ekimenez beteta datorren Gazte Astea. Segidan, Kirola gazteen artean hitzaldia eskaini dute.

Datozen egunetan ere, larunbatera bitartean, hausnartzeko nahiz festa egiteko ekimenak antolatu dituzte Gaztetxeko kideek arratsaldero. Egun handia larunbatean izango da: goizean Xoxoteko igoerarekin hasi eta gaueko kontzertuekin amaituko dute jardunaldia.

Bihar bi tailer eskainiko dituzte; lehenengoa, 16:00etan, henna egiten ikasteko, eta bigarrena, 18:00etan, DJ ikastaroa izango da. Asteazkenean, Emakume langileok lehen lerroan egotearen beharrezkotasunaz izeneko solasaldia emango dute. Ostegunean, mus txapelketa izango da Gaztetxean, eta txapelketa jokatu nahi ez dutenek futbolinean ibiltzeko aukera izango dute. Ostiralean, urtero bezala, parrilladaren eta parodiaren txanda izango da.

Hona hemen egitaraua osorik:

  • Apirilak 8, asteartea: 16:00: Henna tailerra. 18:00: DJ tailerra. Ondoren, luntxa.
  • Apirilak 9, asteazkena: 18:00: Hitzaldia: Emakume langileok lehen lerroan egotearen beharrezkotasunaz.
  • Apirilak 10, osteguna: 17:00: Mus txapelketa eta jolasak (futbolina, ping-pong-a...) 19:00: Pizza potea
  • Apirilak 11, ostirala: 20:30: Parrillada, plazan. Ondoren, parodia.
  • Apirilak 12, larunbata, Gazte Eguna: 10:00: Xoxoteko igoera. Tontorrean, hamaiketakoa trikitilariek lagunduta. Ondoren, elkartasun argazkia. 15:00: Bazkaria Azoka Plazan. Jarraian, sari banaketa. 17:30: Karro poteoa. 21:00: Kontzertuak: Hauek, Enbata Lorade eta Mirabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide