Lehen sektoreko beharginei zuzendutako 'Etorkizuna bermatuz' programaren nondik norakoak azaltzeko bilera egingo dute ostegunean

Julene Frantzesena 2025ko api. 8a, 08:14

Behi batzuk larrean.

Lehen sektoreko langileei prestakuntza eskainiko diete Gipuzkoako Foru Aldundiak eta HAZI fundazioak, erretiro prozesua planifikatzen eta belaunaldien arteko erreleboa errazten laguntzeko. Programaren nondik norakoak azaltzeko bilera Urola Erdiko Mankomunitatearen egoitzan (Azoka Plaza) egingo dute, 16:00etatik 18:00etara. Bileran parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko sailak eta HAZI fundazioak Etorkizuna bermatuz: belaunaldi arteko erreleboa nekazal sektorean prestakuntza programa jarri dute martxan, eta horren nondik norakoak azaltzeko bilera informatiboa egingo dute ostegunean Azpeitian.

16:00etatik 18:00etara gauzatuko dute bilera, Urola Erdiko Mankomunitatearen egoitzan (Azoka Plazan). Programaren gaineko xehetasunak azalduko dizkiete lehen sektorean aritzen diren herritarrei, eta prestakuntza ibilbideari buruzko informazioa ere jaso ahal izango dute horiek. Bileran parte hartu nahi dutenek 943-11 21 73 telefono zenbakira deitu edo lurraldeoreka@gipuzkoa.eus helbidera mezua idatzi beharko dute.

Programaren helburu nagusia da erretirorako adina gerturatzen ari zaien nekazariei prestakuntza integrala eskaintzea, etorkizuneko zalantzak argitzea eta prozesua erraztea. Udazkenean hasiko dute formakuntza ibilbidea, baina aurretik informazioa emateko bilerak egingo dituzte Gipuzkoako hainbat eskualdetan. Azpeitian ez ezik, Hernanin, Tolosan, Elgoibarren eta Ordizian ere egingo dituzte bilerak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide