Aste Santuan eta Pazko Astean ere irekita izango da kiroldegiko jolaserako gunea

Julene Frantzesena 2025ko api. 8a, 12:56

Haur bat kiroldegiko Familia Txokoan jolasean. (Azpeitiko Udala)

Apirilaren 14tik 21era 11:00etatik 12:30era bitartean irekiko dute, eta apirilaren 22tik 27ra bitartean, 11:00etatik 19:30era. Kiroldegiko bazkideek doan sartu ahal izango dute jolas gune estalira; gainerakoek, berriz, bi euro ordainduta.

Kiroldegiko familientzako txokoa irekita egongo da egunero Aste Santuan eta Pazko Astean. Apirilaren 14tik 21era 11:00etatik 12:30era bitartean irekiko dute, eta apirilaren 22tik 27ra bitartean, 11:00etatik 19:30era.

0 eta 8 urte bitarteko umeentzako egokitutako gunea da kiroldegikoa. Dena den, haur nagusiagoek ere izaten dute eremu horretan jolasteko aukera, anai-arreba txikiagoekin joaten baldin badira –beti heldu baten ardurapean–. Kiroldegiko bazkideek doan gozatu ahalko dute eremuaz, eta bazkide ez direnek, berriz, bi euro ordainduta.

Herriko umeek estalitako txoko batean jolasteko aukera izan dezaten jarri zuen udalak martxan Familia Txokoa deiturikoa. Jolaserako eremua da, eta han ez da hezitzailerik egoten; ondorioz, heldu baten ardurapean egon behar izaten dute haurrek. Gune horretan hainbat jostailu eta material erabiltzeko aukera izaten dute umeek.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide