Euskal Herriko 130 herri baino gehiagotan bezala, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute 19:00etan Azpeitiko Plazan. Palestinari elkartasuna erakustea eta Israelen genozidioa amai dadila eskatzea zuen helburu Lurra. Justizia. Bakea. Genozidioa stop lelopean Gernika-Palestina plataformak deitutako mobilizazioak.
Pasa den martxoaren 30ean 49 urte bete ziren 1976an, Palestinako Intifada Nazionalean, Israelen okupazioaren aurkako greba orokorra eta manifestazioak egin zirenetik eta, geroztik, Palestinako Lurraren Egunak mobilizazio horiek gogora ekartzen ditu urtero. Ekimen horretan Euskal Herriak ere bere alea jarri zezan, pasa den martxoaren 22an Donostian egin zuen manifestazioan deitu zituen Gernika-Palestinak gaurko elkarretaratzeak.
Orduko hartan, Jon Maia Zumaiako bertsolariak idatzitako hitzak irakurri zituzten, eta mezu hori bera eraman dute gaur Azpeitiko plazara. "Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko, nahikoa da esateko. Eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik, Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira", agertu dute.
Bi aste baino gehiago igaro dira Israelek Gazarako su etena hautsi zuenetik, eta palestinarrek bizi duten egoera "jasanezina" dela agertu dute mobilizazioan: "Jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago. Jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago. Jasanezina palestinarren heriotza bakar bat gehiago. Jasanezina hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea. Jasanezina konponbidearen pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egitea. Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean".
Euskal Herrian, baina, "begi guztiak" irekita dituztela baieztatu dute eta, horregatik, "bidegabekeria eta izugarrikeria" horren aurka mobilizatzen ari dira. Bide berdinean segituko dutela nabarmendu dute Gernika-Palestinatik eta herritar guztiei dei egin die datozen deialdiei adi egoteko.
Gaurkoan, Euskal Herri osoko plazetara adarkatu den deiadarraren bitartez, argi utzi dute Palestinaren borroka "justizia unibertsalaren aldekoa", "genozidio ororen aurkakoa" eta "giza eskubideen eta herrien eskubideen aldekoa" dela. "Gutako bakoitzaren eta gure seme-alaben etorkizuneko munduaren borroka da", aldarrikatu dute.
Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera galdegin dute, eta ohartarazi ez diotela salatzeari utziko "Israelen bihotz gabeko gerra politikarekin" bat egiten duen ororen konplizitatea.