Gipuzkoako Pilota Federazioak atzo, asteazkenez, aurkeztu zuen aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Donostian. Aurreko urteetan legez, lau modalitatetan ariko dira lurraldeko hainbat herri txapelaren bila: esku-pilota, gomazko paleta, larruzko paleta eta zesta punta. Atzo aurkeztu zituzten egutegiak eta zozketak ere egin zituzten. Beraz, dagoeneko zehaztuta dago zein herrik zein herriren kontra jokatuko dituzten lehen kanporaketak.
Azpeitiak lau txapelketatatik bitan izango du ordezkaritza; esku-pilotakoan eta larruzko paletakoan. Martxan hasiko diren lehen lehien artean da esku-pilotakoa, eta Azpeitiak Aduna izango du parez pare. Maiatzaren 4ko asteburuan izango dira final hamaseirenetako joaneko partidak, eta etxetik kanpo hasiko dute Ilunpeko pilotariek jarduna. Eskuzko lehiaren finala ekainaren 28an izango da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.
Txapelketa hori baino astebete beranduago ekingo diote larruzko paletakoari. Maiatzaren 11ko asteburuan Deban hasiko du lehia Azpeitiak, herri horren aurka jokatuko baititu final laurdenetako neurketak, eta ekainaren 7an izango da finala, Ordizian.