Kaleko pintura lehiaketaren laugarren aldia egingo dute igandean

Julene Frantzesena 2025ko api. 28a, 08:00

Leire Sarasua Kultura zinegotzia, Mikel Sanjuan tailugilea eta Miriam Quintana Arte eta Diseinu eskolako irakaslea. (Azpeitiko Udala)

Helduek, gaztetxoek (12-16 urte) nahiz haurrek (12 urtera arte) parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta hainbat sari banatuko ditu udalak eguerdian. Goizetik eguerdira bitartean izango dute partaideek margolanak egiteko aukera; Azpeitian egin beharko dituzte horiek. Behin lehiaketa bukatuta, lan guztiak ikusgai jarriko dituzte Betharrametako aretoan.

Kaleko pintura lehiaketaren laugarren edizioa izango da igandean Azpeitian. Azpeitiko Udalak antolatu du egitasmoa, Arte eta Diseinu eskolarekin elkarlanean, eta helduek, gaztetxoek (12-16 urte) nahiz haurrek (12 urtera arte) parte hartu ahal izango dute bertan.

Aurten ere hiru kategoriatan banatuko dute lehiaketa, eta maila bakoitzean hainbat sari banatuko dituzte. Helduetan lehiaketa irabazten duenak 800 euroko diru saria jasoko du, eta bigarren sailkatzen denak, berriz, 500 euro. Era berean, 300 euroko saria eskuratuko du epaimahaiaren ustez lanik onena egiten duen azpeitiarrak. Gaztetxoen eta haurren mailetan, berriz, arte materialez osatutako sariak banatuko dituzte.

Udalak azaldu duenez, aurreko edizioetan harrera "ona" izan du lehiaketak, eta aurten ere hala izango duela espero dute. Hain zuzen, iaz hemeretzi heldu eta hamahiru haur aritu ziren goiz eta eguerdi partean herriko hainbat txokotan margolanak egiten.

Aurten ere ikusgai jarriko dituzte lehiaketara aurkeztutako lan guztiak. Horiek Betharrametako aretoan ikusi ahal izango dira maiatzaren 5etik 18ra bitartean. Helduen mailan saritutako bi lanak udalaren jabetzan geldituko dira.

Baldintza batzuk

Partaideek nahi adina lan aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara, baina lanok Azpeitiko mugen barruan marraztu beharko dituzte, edozein teknika edo material erabilita. Gainera, lanek argitaratu gabeak izan beharko dute, eta norberak sortuak ere bai.

Lanerako euskarriak Betharrametako erakusketa aretoan zigilatuko dituzte igandean bertan, 09:00etatik 11:00etara bitartean. Euskarri horiek lanerako prestatuta eraman ahal izango dituzte artiste, baina ez dute onartuko marrazkirik, zirrimarrarik edo marrarik duten euskarriak.

Lanak bukatuta, 13:00etatik 13:30era izango dute parte hartzaileek horiek aurkezteko parada, eta epaimahaiak 14:30ean jakinaraziko ditu saridunen izenak. Gainera, lanak Betharramen utzi eta epaimahaiak erabakia hartu bitartean, lehiaketako partaideek luntxaz gozatu ahal izango dute Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide